Itomenean amildu aurretik
Oso larria da Iztietako anbulatorioak bizi duen egoera; dagozkion hamahiru medikuetatik bostekin baino ez da ari, eta urgentzietako zerbitzua medikurik gabe da azken hilabetean. Protestara deitu dute.
Zaintza bereziko unitatean, arnasa ia etenda eta tutuz josita. Hala aurkitzen da osasun sistema publikoa, eta bereziki, LA Lehen Arreta; egunetik egunera estuago, egunetik egunera murritzago. Ez da berria salaketa. Hainbat eta hainbat kolektibok urteak daramate gaitzesten osasun sistema publikoa jomugan dagoela, osasungintza pribatu baten alde. Herritarrek, baina, badute kontzientzia, jakin badakite ezinbestekoa dela unibertsala eta kalitatezkoa izango den osasun sistema publiko indartsua. Pandemiak hori ere utzi zuen agerian.
Lehen Arreta da osasun sistema publikoaren lehen koska, eta oinarrizkoa da horren funtzionamendua zaintza duin eta publikoa bermatzeko, osasuna zaintza delako. Egoera, hil ala bizikoa du. Horren jakitun da Duintasuna pentsiodunen elkartea, eta ekitea erabaki du Iztietako anbulatorioaren egoera larriaren aurrean. Berez hamahiru sendagile dituen zentroa, bost sendagilerekin ari da lanean gehien-gehienetan: «Ikaragarria da. Jubilazioak izan dira eta hutsik utzi dituzte plaza horiek, bajan diren sendagileak eta erizainak ere ez dituzte ordezten. Ezin da onartu egoera hori, anbulatorioaren biziraupena jokoan izateak, gure osasuna jokoan dagoela esan nahi baitu».
Aste honetako datuak dira ondokoak: asteartean, lau mediku baino ez dira aritu anbulatorioan zerbitzua ematen pazienteei; atzo, berriz, hiru izan ziren. Errealitate larri hori ez da Errenteria-Oreretako anbulatorio horretara mugatzen, Oarsoaldeko gainontzeko anbulatorioetan ere ez da askoz hobea egoera, eta Duintasuna Pentsiodunen Elkartea horien gaineko informazioa zehatz jasotzen saiatzen ari da. Lehentasuna, behinena, Iztietako anbulatorioaren egoerari heldu eta mobilizatzen hastea dela azaldu du, «hori da gaur-gaurkoz egoerarik larriena bizi duen zentroa. Muturreko egoerara heldu gara, onartezina da».
Batzar jendetsua astelehenean
Egoera salatu eta iraultzeko lehen urratsa egin du Duintasunak. Batzar irekia egin zuen astelehenean Reina aretoan. Erantzuna, positiboa eta jendetsua. Duintasuna elkarteko kideekin batera, Kaputxinoak, Alaberga, Beraun, Galtzaraborda, Agustinak, eta Erdialdeko auzo elkarteetako ordezkariek; Beraun eta Galtzarabordako erretiratuen elkarteetako kideek; Oreretako Mugimendu
Feministak; Bilgune Feministak; eta GOTeko kideek hartu zuten parte. Udalak ere bermatu zuen presentzia deialdian, hutsik egin gabe egoeraren larritasunaren aurrean. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi arduraduna, Eñaut Gracia [EH Bildu], bertaratu zen. Guztiek kezka eta egonezina bera partekatu zuten, Iztietako anbulatorioaren egoeraren larritasuna eta erantzuna eman beharra, ez dadin gainbehera itzulezina bihurtu.
Sendagile faltari, eta EAG Etengabeko Arreta Gunearen gabeziei ere erreferentzia egin zioten. Hilabete da, Duintasunak salatu duenez, Oarsoaldeko lau herrietako urgentzietarako zerbitzua bi erizain eta administrari batek betetzen dutela, sendagilerik gabe: «Iztietako anbulatorioa urgentzien erdigunea da Oarsoaldeko lau udalerrientzat. Ia 70.000 pertsonaz ari gara. Une honetan Iztietako anbulatorioko urgentzietara iritsi eta erizain batek ezartzen ditu irizpideak, ahal duen neurrian, eta erabaki behar du etxera edo ospitalera bideratu».
Datu gehiago ere eman zituen Duintasunak bilera horretan: «Batez beste, bost hilabete behar dira erresonantzia bat egiteko, eta behin eginda, beste hiru hilabete gehiago kontsultan aztertzeko emaitza. Oso zaila da aurrez aurreko arreta egitea mediku kontsultan, eta lortzen denean hilabetera edo bi hilabetera ematen dituzte hitzorduak».
Inpotentzia eta ezinegona
Egoera «larriaren» aurrean bilera eskatu zuen Duintasunak Iztietako anbulatorioko zuzendaritzarekin. Joan den hilabetearen 21ean ziren egitekoak, baina bertan behera utzi zuten azken momentuan. «Bezperan deitu gintuzten esateko bertan behera utziko zutela bilera. Egoeraren gaineko informazioa pasatzeko eskatu genuen orduan, baina aitzakiak jarri zituen Donostialdeko ESIak datu horiek ez emateko». Duintasunak salatu du ez duela orain arte inoiz bilera egiteko arazorik izan, ez Beraun ezta Iztietan ere. «Informazioa idatziz emateko eskatu genien, baina horretarako baimenik ez zutela erantzun ziguten». «Larria». Hala definitu du Iztietako anbulatorioaren egungo egoera, «ez dugu guk soilik larritzat jotzen, bertako profesionalek ere hala diote».
Herritarrek egoeraren aurrean sentitzen duten «inpotentziari eta ezinegonari» anbulatorio horretan lanean ari diren profesionalena batu zion Duintasunak: «Esfortzu ikaragarria egiten ari dira sendagile, erizain eta administrariak. Asko-askotan erizainek ez dute atseden tartea ere hartzen; anbulatorioko lanari, handik kanpo etxeetan egin behar duten arta gehitu behar zaio».
Administrariek eguna joan eguna etorri jasan behar duten presioa ere mahai gainean jarri zuten batzarrean, «lepo daude eta egoera jasanezina da itxaron gela gainezka ikusten dutenean». Horren lekuko izan da hitza. Administrazio eremuan artatua izateko zenbakia hartuta berrogei minutuko itxaronaldia egin zuen herritar batek astearte eguerdian, «horrela da etorri bakoitzean. Ikaragarria da».
Egoeraren arduradunekin ez nahasteko eskaera egin zuen Duintasunak. «Profesionalek ez dute errurik, lanez lepo daude, onena ematen baldintza ikaragarrietan. Hutsik diren lanpostuak ez betetzearen ardura Donostiatik eta Lakuatik dator. Eusko Jaurlaritzak eta Gotzone Sagarduik ezarritako politiketatik dator». Profesionalekiko begirunea eskatu zuen Duintasunak.
Beraungo anbulatorioaren egoera ere ekarri zuten gogora. «Murrizketak bata bestearen atzetik hasi ziren ezartzen, ordutegian, hutsik zeuden sendagile eta erizainen lanpostuak eta bajak ordeztu gabe. Protesta erraldoia egiteko gai izan ginen eta egoera lehengoratzea lortu genuen. Gaur-gaurkoz, hobea da egoera Beraungo anbulatorioan Iztietakoan baino. Heldu da unea ekiteko eta hutsik dauden lanpostuak betetzea eskatzeko, arreta duina eta egokia bermatzeko».
Erantzun irmoa artikulatu
Argi esan dute, «ez dugu onartuko osasunarekin jolasean aritzea». Ez daude prest egoera onartzeko, eta hala adierazi zuten kezkaz eta amorruz batzarrera bildutako eragile eta norbanako guztiek. Haserre mintzatu zen bilerara gerturatutako herritarretako bat: «Iztietan gertatzen ari dena izugarri latza da, ez badugu larritasun horren kontzientzia hartzen are gehiago okertuko da egoera. Pandemia garaian hitzorduak azkarrago ematen zituzten gaur egun baino. Ikaragarria da hilabeterako ematea hitzorduak familia medikuarekin, lotsagarria, inpotentzia ikaragarria eragiten du. Ezinbestekoa da kontzientzia hartu eta benetako arduradunak seinalatzen hastea. Emergentzia egoera honen aurrean, erantzun irmoa artikulatu behar dugu, aurpegira barre egiten ari zaizkigulako egoeraren arduradunak. Ez dakit hil nahi gaituzten gastuak murrizteko, baina hala dirudi». Eta bata bestearen atzean etorri ziren bertaratutakoen kexak: «Igandean urgentzietarako zerbitzura jo zuen alabak, eta medikurik ez zela esan zioten. Ospitalea da aukera bakarra, eta horrek gainezka egingo du ere azkenean. Pandemia primerako aitzakia izan dute agintariek. Gaixoen erdia han gelditu zen; Eusko Jaurlaritzari bost axola».
Bost urteko bilobarekin urgentzietara joan larunbat goizaldean, eta gero taxia hartuta Donostia Ospitalera joan behar izan zuela kontatu zuen beste batek, medikurik ez zelako Iztietako anbulatorioan. Iztietako urgentzia zerbitzuan medikurik ez da, baina Osakidetzaren orrialdean zerbitzu hori ematen dela azaltzen da oraindik. «Zertarako balio du urgentzietako zerbitzu batek medikurik gabe?», galdetu dute haserre.
Murrizketak anbulatorioetan, eta murrizketak ere bestelako zerbitzuetan. Izan ere, Duintasuna Pentsiodunen Elkarteak jakinarazi du mendekotasun egoeran dauden pazienteei fardel kopurua murriztu diela Osakidetzak: «Bi fardel eguneko, hori da dagokiena. Duten prezioarekin, gehiago behar dituztenak beraien poltsikotik ordaindu behar dituzte».
Hilaren 16an, mobilizazioa
Osakidetzarekin harremanetan jarri zen hitza Oarsoaldeko anbulatorioen gaineko informazioa eskatzeko astearte goizean. ESI Donostialdeko komunikazioa, Osasun Saileko komunikazio arduraduna, Lakuako Osasun Saila, Lezoko anbulatorioa, Donibaneko anbulatorioa, Iztietako anbulatorioa, Osakidetzaren Gipuzkoako Delegazioa… Guztietara deituta hedabide honek ez zuen informaziorik lortzerik izan; kasu batzuetan ez zuelako lortu arduradunekin hitz egitea ere, eta besteetan, inork ez zuelako informazio hori. Iztietako anbulatoriora hainbat dei egin ostean, idatziz eskaera aurkezteko izan zen erantzuna.
Lehen urratsa izan zen asteleheneko batzarra, eta horren eskutik heldu da lehen erantzun handia izan nahi duena. Lehen mobilizaziorako data ezarri zuten asteleheneko bilera horretan bat egin zuten eragileek. Hilaren 16an, larunbat goizarekin egingo dute mobilizazioa Iztietako anbulatorioaren aurrean. Antolatzeko beharra ezinbesteko jo zuten, «erantzun indartsua» emateko.
Herritar, auzo elkarte, eragileei zuzendu zatzaizkie, baina baita Oarsoaldeko lau udalei ere, «salaketa honetan, erantzun erraldoi honetan gurekin nahi ditugu lau udalak. Egoera salatzeko eskatu nahi diegu».
Lehen mobilizazio handi horren gaineko xehetasun guztiak emateko agerraldi jendetsua egingo dute, bestalde. Astelehenenean izango da hori, 11:30ean, Iztietako anbulatorioaren aurrean: «Eragile, norbanako, elkarte guztiak deitzen ditugu bat egitera. Zaintza publiko sistema komunitarioa erdigunean jarri duen greba feminista orokorretik gatoz, eskaera eta borroka horri segida eman behar diogu orain, osasuna zaintza delako».