Askotariko jarduerak Juneren Hegoak elkartearen urteurrenari ginga jartzeko
Pintxo pote solidarioa, hitzaldia, kilometro solidarioen erronka, Bizitu iniziatiba eta San Silbestre lasterketarekin kolaborazioa, elkartearen hamargarren urteurrena ixteko.
Jardueraz betea du Juneren hegoak elkarteak hilabetea. Hamargarren urteurrena ospatzen ari da elkartea, eta ospakizunei eta elkartasun keinuei ginga jartzeko aukera izango du horien bidez. Ostegunean, eta hilabete honetan bigarrenez, pintxo pote solidarioa egingo dute. Aker, Gamon 14, Maite, Ondartxo, Etxeondo eta Lekuonako Kantinak hartuko dute parte ekintza solidario horretan.
Juneren Hegoak elkarteak nabarmen jarri du halako ekintzen garrantzia, baita herritarren ekarpenarena ere, “edozein laguntza ekonomikoa, nahiz eta txikia izan, garrantzitsua da gure familiak ahalik eta hoberen artatzeko”.
Lekukoa, hurrengo egunean antolatu duten hitzaldiak hartuko du, Ni ere boluntarioa naiz Reina aretoan egingo dute ostiralean 19:00etan hasita. Bihotzez, Gizalde, Mindara, Pausoka eta Juneren Hegoak elkarteek hartuko dute parte hitzaldi horretan, boluntario izatearen esperientziaren, balioen, eskakizunen eta zailtasunen gainean mintzatuko dira. Solasaldia Olga Grande kazetariak, Juneren Hegoak elkarteko boluntarioak gidatuko du.
Juneren Hegoak elkarteak bere motorra boluntarioak direla jarri du nabarmen; “hamar urte hauetan 120 boluntario pasa dira beren lana eta denbora musu-truk eskaintzeko”.
Hilaren 19, 20 eta 21ean izango dute hurrengo hitzordua. Ordurako, kilometro solidarioen erronka antolatu dute. Udal kirol instalazioek kudeatzen dituen Beone serviocio enpresak antolatu du iniziatiba. Hiru egun horietan, 09:00etatik 21:00etara bazkide eta bazkide ez direnek ahalik eta kilometro gehien egin ahal izango dituzte, horretarako bakarrik erabiliko den zintza batean. Parte hartzeko, Galtzarabordako kiroldegian eman behar da izena egun eta ordu jakin baterako; ordu erdiko txandak egingo dituzte.
Enpresak Espainiako Estatuan dituen 35 zentroen artetik kilometro gehien egitea lortzen duen zentroak 3.000 euro emango dizkio irabazi asmorik gabeko erakunde bati: Errenteriaren kasuan, zentro irabazlea bera bada, diru hori Juneren Hegoak elkarteari emango diote.
Bizitu iniziatibak ere egin du hitzordua Mindararekin elkarlanean. Landarbaso abesbatzaren eskutik, Zirku musikala saio berezia eskainiko du. Doakoak dira sarrerak, baina eskuratu behar dira. Horretarako egin klik hemen.
Jarduera sortarekin bukatzeko, hilaren 31n izango den San Silbestre lasterketan ere izango da Juneren Hegoak elkartea. Lasterketan izena ematen dutenen diru zati bat elkartearentzat izango da. Parte hartzeko epea hilaren 29an bukatuko da, eta izena ematea EAT Errenteriako Atletismo Taldearen webgunean egin daiteke (Egin klik hemen).
Gabonetako opariak erosteko lokala zabalik
Martin Etxeberria kaleko 15. zenbakiko lokala zabalik izango dela hilaren 14an, 18:00etatik 19:30era gogorarazi du bestalde, Juneren Hegoak elkarteak: “Merchandisinga eta 2024ko egutegia erosteko”.
Juneren Hegoak elkartearen inspirazioa June Sanchez Tolaretxipi izan zen. 2013an hil zen haur minbiziak jota, bi urte zituela. Haren gurasoek eta lagun talde batek handik hilabete gutxira sortu zuten Juneren Hegoak elkartea. Ordutik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden eta gaixotasunak, aniztasun funtzionala edo adingabeen dolua bizitzen ari diren familiak laguntzeko sare bat sortu du elkarteak, eta egoera zaurgarri horietan diren familiei laguntzeko aukera batzuk eskaintzen ditu.
Eratu zutenetik, 59 familia artatu ditu Juneren Hegoak elkarteak, 118 boluntario pasa dira antolaketatik, 86 ekitaldi egin ditu, eta 287.000 eurotik gora bideratu ditu bere jarduerara. 2020an gainera, onura publikoko izaera aitortu zion Eusko Jaurlaritzak elkarteari.
Juneren Hegoak elkartea lagundu nahi dutenek hauetako bideren bat erabil dezakete: Boluntario egin nahi dutenei, posta elektroniko helbide honetara idazteko eskatu diete; hilero euro baten trukez Teamer izateko berriz, hemen sakatu. Dohaintza egiteko aukera ere badago (horretarako klik egin hemen). Juneren Hegoak elkartearen laguntzaile izateko aukera ere eskaintzen du elkarteak.
Horretaz gain, Sabadell banketxeko ES81 0081 4254 46 0001112822 kontu korrontean egin daiteke ekarpena, baita Bizum bidez ere 03930 kodea erabilita, edota dohaintzak sailean Juneren Hegoak bilatuta.