Herri Biziaren WhatsApp eta Telegram kanalak, martxan
Errenteriako Udalak gaur aktibatu ditu kanalak bi sare sozialetan. Herritarrek, jada, bi bide horietatik jaso ditzakete albisteak. Instagram kontua ere berriro elikatzen hasi dira.
Errenteriako Udalak martxan jarri ditu Herri Biziaren Whatsapp eta Telegram kanalak, eta gaurtik aurrera, herritarrek albisteak bi bide horietatik jaso ahal izango dituzte. Udalak bi kanal sortu ditu aipatutako aplikazio bakoitzean, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Horrela, udala herritar guztietara iritsiko da, eta denek jasoko dituzte herriko albiste nabarmenenak haien mugikorretan.
WhatsApp eta Telegram kanaletarako sarbidea Herri Biziaren webgunean aurki daiteke. Esteka horiek klikatuta, erabiltzaileak kanaletara iritsiko dira, eta Jarraitu botoia sakatu beharko dute jarraitzaile izateko. Ondoren, eta soilik jakinarazpenak jaso nahi badira, kanpaitxoa aktibatu beharko da. Kanpaitxoa aktibatzen ez duten erabiltzaileak beren kabuz sartu beharko dira kanalera mezuak irakurtzeko. Telegramen, jakinarazpenak ez jasotzeko, Isildu botoia sakatu beharko da.
Bestalde, eta pribatutasuna bermatzeko, soilik Herri Biziako kudeatzailek izango du kanala elikatzeko aukera. Irakurleek soilik erreakzio bat bidali ahal izango dute, emoji bidez.
WhatsAppean, kanaleko jarraitzaileen zenbakiak, izen-abizenak eta argazkiak ez dira ikusgarri egongo, ez kudeatzailearentzat, ezta jarraitzaileentzat ere. Telegramen, aldiz, administratzaileak bakarrik ikusi ahal izango ditu jarraitzaileen zerrenda eta haien argazkiak. Hala ere, kanaleko administratzaileak zerrenda horretako mugikor zenbakiak aurrez gordeta ez baditu, horiek pribatu mantenduko dira.
Instagrama, elikatzeko prest
Errenteriako Udalak berriro heldu dio bere Instagram kontuari (@errenteriaherribizia), eta eduki mota ezberdinekin hornituko du sare sozial hori. Udalaren helburua da WhatsAppeko eta Telegrameko kanalekin batera, herritar guztiengana “modu azkar, zuzen eta eraginkor batean” iristea, “punta-puntako” informazioarekin.