[Argazkiekin] Kanpotik Luzuriaga izango da, barrutik antxotarrek nahi dutena
Bete egin zen atzo San Fermin eliza Luzuriaga eraikinerako landu den egitasmoaren aurkezpenean. Jakin-mina, poztasuna eta ilusioa nahastu ziren tenpluan.
Jakin-mina, ilusioa eta poza. Horiekin batera galderak eta ekarpenak. Horiek guztiek bat egin zuten atzo bete egin zen San Fermin elizan. Luzuriaga eraikinaren eraberritzearen proposamena aurkeztu zuten udal gobernuko eta Vaumm Arkitektura estudioko kideek. Erlijioarekin harremana ez izan arren, erlijiosoki egin zioten kasu udalaren deiari antxotarrek ekitaldi zibiletarako gutxitan zabaltzen den tenpluan. 1994an utzi zion jarduerari Luzuriaga enpresak bertan, eta 2024an, 30 urte geroago, Antxotarrak Historia Mintegiak abiatutako berreskuratze prozesua eta 2014an Luzuriaga Martxan herri ekimenak eraikitako ametsa egi bihur daiteke. Baina gauza bat garbi utzi zuten behin baino gehiagotan atzokoan: eraikinaren espazioen erabilera, banaketa eta kudeaketa herriko eragileekin garatuko den parte hartze prozesu baten bidez adostuko da. 2024ko otsailerako jarri du udal gobernuak partaidetzarako hitzordua. Hau da, arkitektoek landutakoa traza potolo bidez egindako proposamena da. “Herri proiektua” izango dela azaldu zuen hitzaurrean Teo Alberro alkateak. Kanpotik Luzuriaga izango da eraikina, baina barrutik antxotarrek nahi dutena. Nork eta zerekin ‘okupatuko’ duen haien esku dago.
Eraikiaren espazioen banaketaren proposamena orokorra eta xehetasunez definitu gabea da, baina hainbat arlo itxita daudela jakinarazi zuen alkateak, “oinarrizko diseinua itxita dago”. Hori da atzo aurkeztutakoa. Izan ere, aurreko udal gobernuak azpiegituraren gaineko hainbat erabaki hartu zituen, eta horiek orain ez dute atzera bueltarik, Alberrok zehaztu zuenez: “Beste batzuen eskuetan izan ziren azpiegiturarentzat baldintzatzaile izango ziren zenbait erabaki. Maniobra marjina ez da guk nahiko genukeena hartutako erabaki horiengatik. Baina definitzeko dagoena, zuekin, pasaitarrekin, adostu nahi dugu. Oinarrizko diseinua adosteko egin zen parte hartze prozesuaren ondorioetako batzuekin ez gaude ados, baina beranduegi da atzera egiteko. Orain, aurrera begiratzea besterik ez dugu. Herriak bere sentitu behar du espazio hori. Horretarako, herriak erabaki behar du nola eta zerekin bateko den egunerokoan”. Aurkezpena, “bide luze eta ilusionagarri” baten hasiera izan zela adierazi zuen atzokoan Alberrok.
Propososamena
Vaumm-eko kideek azaldu zituzten Luzuriagaren antolaketaren traza nagusiak. Premisa nagusi baten berri eman zuten: “Espazio guztiek gauza guztiak egiteko balioko dute”. Hau da, ez da espazio hertsi eta espezifikorik izango. Leku bakoitzak bere jarduerak jaso ditzakeen arren, espazio berberak beste jarduera bat edo batzuk egiteko balioko du, “nahi bezala zatika daitezke espazioak”. Eraikinaren egitura bere horretan mantenduko dela jakinarazi zuten. Fatxada, berritua noski, egungoa izango da. Sarrera bulegoen eremua zenetik izango da, maldatxo batetik. Handik, eraikin osoaren ikuspegia izango den hall batera sartuko dira erabiltzaileak, “plaza baten antzekoa izango da”, esan zuten diseinuaren arduradunek. Eraikinaren teilatuak hiru espazio jasoko ditu: Molinaotik hurbilen denak baratze edo naturgune antzekoa izango du, negutegi eta guzti; erdialdean, espazioak beharrezko dituen azpiegiturak jasoko ditu (herritarrentzat itxia), eta Usozen ondoan dagoen zatiak (atzealdeko mendiarekin konexioa izango du) terraza funtzioa beteko du.
Barrualdean, hall edo sarrerako plazaz aparte, lau espazio nagusi. Bat, oso moldakorra, espazio eszenikoa izan daitekeena (auditorio antzekoa, baina egoeraren edo beharren arabera molda daitekeena); bestea, liburutegia eta ikasketa gelena; hirugarrena, ariketa fisikoa eta antzerakoak egiteko balioko duena; eta laugarrenak kafetegia eta aterpetxea jasoko ditu (udalaren lehentasuna da espazio hori kultur egonaldiekin edo antzerakoekin lotzea; gainera, eraikina martxan denean bertan egin beharrekoak finantzatzeko aukera dela esan zuen udal gobernuak). Horiek guztiak hainbat pisutan banatuta izango dira beharren edo egoeraren arabera. Hau da, espazioen definizio orokorra aurkeztu bada ere, bai eraikinaren kudeaketa eta erabilera adosteko prozesuan zein behin eginda dagoenean, horiek guztiak beharren eta nahien arabera eralda daitezke. “Beti okupatuta, beti bizirik egotea nahi dugu Luzuriaga, astelehenetik igandera”. Gainera, eraikinaren barrualdean erabilera anitzerako beste hainbat gela eta espazio izango direla zehaztu zuten.
Hartara, Luzuriagan liburutegia edo ariketa fisikoa egiteko guneak jartzen badira, Antxoko egungo liburutegia eta Eskalantegi 45eko udal lokala libre geldituko direla jakinarazi duen atzokoan Iraitz Pazos Hirigintza zinegotziak. Beraz, horiei ere zer erabilera eman aztertu behar dela azaldu zuen udal arduradunak.
Galderak
Jakin-mina, eta galderak. Herritarrek euren iritzia emateko nahiz galderak egiteko txanda izan zuten atzokoan. Orokorrean, ontzat eman zuten proposamena interbentzio guztietan. Baina aterpetxearen kudeaketa ereduaz, Azokaren erabiltzaileek Luzuriagan izan dezaketen espazioaz, iraunkortasun irizpideetaz, edo auditorioaren ezaugarrietaz (udal gobernuak adierazi zuen espazio eszenikoa horretan esperientzia duten adituek diseinatuko dutela) galderak izan ziren. Ekarpen batean antxotar batek Antxotarrok Historia Mintegiak eta Luzuriaga Martxan herri ekimenak egindako lana goraipatu zuen; izan ere, haiei esker izango da Luzuriaga barrutiaren bigarren erdigunea ez asko barru.
Herritar batek esan zuen Antxoko auditorio onena san Fermin eliza bera izan zitekeela. Atzokoan bederen hala izan zen.
Jarraian, arkitektoek landutako proposamenaren hainbat irudi.
Luzuriagako eraikina Pasaiako Udalarena da, 2021eko azaroan Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordioari esker sei milioi euro iritsi zirelako herrira, eta orduko udalak espazioa erosi zuelako bi milioi pasatxogatik. Gainontzeko ia lau milioiak eraikina bera egiteko erabiliko dira. Baina premisa batekin: 2024an erabili behar da derrigor diru zati horren parte handi bat, bestela galduko da.
Bestalde, Azoka eraisteagatik, Eusko Trenbide Sareak beste hiru milioi euro emango dizkio udalari. Zati hori ere Luzuriaga eraberritzeko erabiliko da.
Alta, espazioa egina denean, bertako funtzionamendu gastuak eta programazioa osatzeko dirua beharko da. Horren zati bat proiektatu den aterpetxearen diru onuretatik etor daitekeela esan zuten atzokoan udal gobernukideek.