Mobilizazioekin jarraituko dute
Osasun arreta hobetzea eskatzeko konpromisoarekin aurrera doaz herriko eragileak. Batzarra deitu dute hilaren 26rako.
Osasun arretaren gaineko kezka, eta zehazki Iztietako anbulatorioaren egoeraren gainekoa ez da apaldu larunbateko manifestazio jendetsuaren ondoren. Are gehiago, mobilizazioekin jarraitu nahi dute deitzaileek, egoerak hobera egin ezean Errenteria-Oreretan eta eskualdean “erabateko kolapsora” hel daitekeelako hurbileko osasun arretan zerbitzua.
Horregatik, hilaren 26rako (asteartea) asanbleara deitu dituzte berriz ere herriko auzo elkarteetako kideak, mugimendu feministakoak zein Duintasunakoak, egungo egoeraren azterketa egin, informazio berria partekatu, eta egin daitezkeen mobilizazioak adosteko. Horiez gain, nahi duenak ere parte har dezake bilkuran. Reina aretoak jasoko ditu batzarkideak.
Hedabideetara bidalitako gutunean, Aizpea Otaegi alkateak herritarren kezka konpartitu eta haien eskariekin bat egiteaz gain, haren eta udalaren esku dauden izapide eta kudeaketa lanak egingo dituela jakinarazi du.