Trintxerpeko behin-behineko aparkalekuetarako egoiliar txartela eskatzeko epea, zabalik
Zirizan, Aranederren eta Hospitalillon egokitu dituzte behin-behineko aparkalekuak. Otsailaren 1etik, egoiliar txartela beharko da horiek erabiltzeko.
Adinberriko lanak direla-eta Lasako aparkalekuak kendu dituzte. Horien ordez behin-behineko hiru aparkaleku egokitu dituzte, Zirizan, Araneder kalean eta Hospitalilloko kaian. Aparkaldi mugatukoak izango dira hiru eremu horiek otsailaren 1etik aurrera, hau da, Trintxerpeko bizilagunek bakarrik erabili ahalko dituzte ordu jakin batzuetan, eta besteetan egun osoz. Aparkaleku bakoitzak zonalde edo kale batzuetako bizilagunei emango die zerbitzua. Hala, horietan ibilgailuak uzteko egoiliar txartela behar da derrigorrean (behean ikus daiteke zein kaletako bizilagunek erabil dezaketen aparkaleku bakoitza). Edonola ere, udalak zehaztu du Trintxerpeko txartela duten bizilagunek ez dutela berriz ere eskatu beharko egoiliarren txartel hori. Pasaiako Udalak bando bidez eman die trintxerpetarrei neurri horien berri.
Egoiliar txartela ateratzeko bi era daude. Edozein HAZ bulegotan gaurtik urtarrilaren 12ra bitarte eska daitezke, 08:00etatik 14:00etara, edota udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Eskabide guztiak jasota Pasaiako Udalak horiek egiaztatu egingo ditu. Baldintzak betetzen dituztenek (behean horien zerrenda) urtarrilaren 25etik aurrera jaso ahal izango dute txartela Trintxerpeko HAZ bulegoan. Txartelak haizetakoen beheko muturrekoetako bati atxiki beharko zaizkio ibilgailuari. Informazio gehiago eskuratzeko deitu 943 34 40 34 telefono zenbakira.
Honakoak dira aparkalekuak. Bakoitzaren ondoan ageri da nork utz dezakeen autoa han:
- Zirizako aparkalekuan: Trintxerpeko bizilagunek bakarrik erabil dezakete gauetan (19:00etatik 08:00etara), eta asteburu eta jaiegunetan. Bertan, kale hauetako bizilagunek aparka dezakete: Ricardo Arrillaga 1. zk., Gran Sol zk. bikoitiak eta 1. zk., Borda-Enea, Euskadi Etorbidea, Arrandegi, Serafin Esnaola, Araneder, Terranova, Kontsignatario, Jaizkibel, Andonaegi, Urgull, Donostia, Azkuene zk. bikoitiak, Ulia etorbidea, Martimuno.
- Araneder kalekoan Trintxerpeko bizilagunek bakarrik erabil dezakete egunero 24 orduz.
- Hospitalillokoan, aldiz, Trintxerpeko zein San Pedroko Arrantzale Auzoko bizilagunek erabili ahal izango dute gauetan (19:00etatik 08:00etara), eta asteburu eta jaiegunetan. Honako kaleetako bizilagunek utz dezakete autoa han: Zirizako aparkalekuko kaleetakoek, eta Espinosa de los Monteros, Ricardo Arrillaga 1. zk. izan ezik, Daniel Castelao, Urrestarazu Anaien kalea, Salinas, Marinel kalea, Farolako Bidea, Kanpitxu, Pablo Enea, Gran Sol bakoitiak 1. zk. izan ezik.
Zirizako eta Hospitalilloko aparkalekuetan bertakoentzako gordetako ordutegi horretatik kanpo (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara) bertakoek ez ezik kanpokoek ere aparkatzeko aukera izango dute. Horrez gain, Hospitalilloko eremuan ere aparkalekua dago, Portuko Agintaritzak ostiraletan edo jai bezperetan zabaltzen duena 16:00etatik igande edo jaiegunetako 18:00ak arte. Aparkaleku horrek librea izaten jarraituko du.
Egoiliar txartela ateratzeko baldintzak
- a) Ibilgailua alta emana izatea Ibilgailuen Zirkulazio Zergaren Udal Erroldan.
- b) Zerga-betebeharretan eguneratuta egotea.
- c) Ibilgailuaren dokumentazioa eguneratua egon dadila (IAT eta nahitaezko asegurua indarrean).
- d) Eskatu den aparkalekuko kaleetan erroldatuta egotea.
