Pasaiak badu 2024rako aurrekontua
Udal gobernuko kideen bederatzi botoak, oposizioko taldeen zortzien aurrean atzoko udalbatzarrean: inoizko aurrekonturik handiena izango du 2024an Pasaiak.
Udal gobernu berriak bere lehen aurrekontuak aurrera atera ditu. Atzoko udalbatzarrean, udal gobernua osatzen duten bi alderdietako zinegotziek (zortzi EH Bildurenak, bakarra Podemos-Ahal dugu-Alianza Verderena) eurek aurkeztutako proposamenaren alde egin zuten, bederatzik; oposizioko bi alderdiak (EAJren lau zinegotzia, eta PSE-EEren laurak) bat etorri ziren ezezkoan. Beraz, 9-8 emaitzarekin, “Pasaiak inoiz izan duen aurrekonturik handiena” aurrera atera zen. 33.319.340 eurokoa da; aurtengoa 25.758.190 eurokoa izan da. %22,7an hazi dira udal kontuak, beraz: udalak jasoko duen diru guztia aurrekontuetan sartu du.
Aurrekontuaren xehetasunak ikusteko, klik egin hemen
Teo Alberro alkateak adierazi du udal gobernuak oposizioari aurkeztu zizkiola kontuak, eta prest zegoela proposamenak entzun eta “pasaitarren egunerokoa hobetzeko proiektu berriei” harrera egiteko. “Aldeen arteko akordiorik ez da izan, ordea”, ebatzi du udal agintariak: “Jaso ditugun proposamenak irrealak izan dira, batez ere PSE-EErenak. Horien nolakotasuna ikusita ez zegoen benetako intentziorik akordioetara heltzeko”.
PSE-EEren iritzia
Atzoko udalbatzarraren aurretik jakina zen PSE-EEk ez zituela gustuko udal gobernuaren aurrekontuak. Osoko zuzenketa izan zen haien kontrakotasuna adierazteko modua. Alboratua izan zen atzokoan sozialisten hautua. Hala ere, udal gobernukideen proposamenaren balorazioa egin zuteneko antzeko terminoetan mintzatu dira behin aurrekontuak aurrera atera direnean ere. “Aurrekontu hau ez da errealista, eta ez du balio udalerriaren egiturazko arazoei aurre egiteko”, esan du.
PSE-EEren osoko zuzenketaren arrazoien berri izateko, klik egin hemen
Onartutako aurrekontuetan, sozialistek sumatu dute udal gobernuak “beharrezkoago” ikusten duela “politika identitarioak indartzea, enpleguaren, tokiko ekonomiaren, gizarte laguntzen edo irisgarritasun lanak” egin baino. Atzoko udalbatzarraren aurretik egindako buruz burukoan, PSE-EEk udal gobernuko ordezkariei adierazi zien aurrekontuen planteamenduak aurrez aurre egiten zuela talka “zuhurtzia eta ardura” irizpideekin; atzo ere uste horri eutsi zioten.