[Erreportajea] Lezoko optika Senegalera eraman du Alicia Osak
Osak Optika Lezo establezimendua kudeatzen du, eta Afrikan izan da hemezortzi egunez oftalmologia arreta eskaintzen. Esperientzia «oso betegarria» izan dela onartu du, eta errepikatzea gustatuko litzaioke.
Alicia Osa Gogorza optikoa da, eta Optika Lezo establezimendua kudeatzen du. Berriki, azaroaren 25etik hilaren 13ra, hau da, hemezortzi egunez, Afrikan izan da jendea artatzen eta oftalmologia arreta eskaintzen. Zehazki, Senegal hegoaldeko Misira izeneko herrian jorratu du bere egitekoa, Gambiako mugatik gertu.
Osak onartu du «betidanik» izan duela tankera horretako esperientzia bat bizitzeko gogoa. Hiru seme-alaba ditu, eta dagoeneko independenteak dira. Hori dela eta, harentzat maletak bete eta Afrikarako bidea hartzeko une aproposa izan da honakoa. «Orain zen joateko momentua», aitortu du.
Senegalera joateko aukera, gainera, ez dela «ezerezetik sortu» kontatu du. Espainiako Optikoen Elkargoak lankidetza profesionala eskatu zuen Afrikara joateko, eta Osa Eibarko lagun batekin apuntatu zen. Horrez gain, hirugarren pertsona bat ere batu zitzaien bi optikoei, Carlos Irasuegi arotz lezoarra ere haiekin joan baitzen. Hura ere lanean ibili dela baietsi du Osak.
Honakoa izan da Osaren lehen aldia tankera horretako programa batentzako lanean, eta aitortu du «ez ahazteko» esperientzia izan dela: «Oso polita, oso interesgarria, eta oso betegarria izan da Senegalen bizi izan duguna. Ez dut sekula ahaztuko».
Esperientzia «oso betegarria» izan bada ere, «lan asko» egin dutela adierazi du. Astelehenetik larunbatera jardun dira, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bi orduko atsedena zuten bazkaltzeko.
Egon diren herrian, Misiran, klinikako ebakuntza gelak inauguratu dituzte aurten, eta bertan garatu dute beren egitekoa bi optikoek. Alde batetik, jende askori bista graduatu diote. Bestetik, jende asko begi lehorren sentsazioarekin joan da haiengana. «Han dena harea da, hautsez beteta dago giroa. Kostaldean badaude ere, eremua oso lehorra da. Eguzkiak, gainera, gogor jotzen du», esan du Osak. Azkenik, adin batetik aurrerako pertsonengan katarata asko antzeman dituztela onartu du. Katarata horiek ebakuntza gela berrietan operatu ahal izango direla nabarmendu du Osak.
Bertako egoera, gogorra
Senegalen izan diren denboran, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute hango egoera. «Pobrezia handia» aurkitu dutela jakinarazi du Osak. Horrez gain, osasun arloan kudeaketarik ez dagoela zehaztu du, eta hondakinen kudeaketak «asko harritu» diela gaineratu du: «Dena zikin-zikina dago, plastikoz beteta».
Goseterik ez dute antzeman, baina «elikagai gutxi eta oinarrizkoak» dituztela nabarmendu du: arroza, arraina, platanoak eta fruitu lehorrak. Hori dela eta, otorduak berberak dira beti. Dendak ere «oso oinarrizkoak» direla aitortu du, eta hemen ohikoak diren supermerkatuak aurkitzeko, hiru orduz gidatu behar zutela esan du. Beste egoera batekin ere harritu zen: denek zuten mugikor bat. «Beharbada ikusi ezin duten mundua ikusi nahi dute. Beharbada mundura eramaten zaitu horrek», esan du.
Hala ere, askotan «poza» sentitu du hangoak artatzerakoan: «Jendeak esker onez begiratzen gintuen. Bista graduatzen genien eta betaurrekoak momentuan ematen genizkien. Betaurrekoak aurpegian jartzen genizkienean, asko eskertzen zuten, eta hori pozgarria da».
Han bizitakoak ere zer pentsatua eman dio Osari: «Haiek han bizi dira, gu hemen. Haiek han geratu dira, gu etxera itzuli gara. Gure ingurua begiratuta ohartzen gara dena daukagula, eta haiek ez dute ia ezer». Bizitakoaren balantzea eginda, dudarik gabe esan du esperientzia errepikatzea gustatuko litzaiokeela. Dagoeneko begiratzen ari dira nora joan daitezkeen hurrengo urtean.