Mitxintxolako Igoera, urtarrilaren 14an
Itsas Mendi elkartearen lasterketarako izen emate epea zabalik da jada. Martxa eta lasterketa egingo dituzte. Sari ematea, Piraten Etxean.
Itsas Mendi elkartearen Mitxintxolako Igoeraren XIII. ekitaldia 2024ko urtarrilaren 14an izango da. Lasterketa motz, baina latz horretarako izen emate epea zabalik da jada Herrikrosa plataformaren bitartez.
Beti bezala, lehenik mendi martxakoak (haurrekin ere joan daiteke) aterako dira, eta ondoren lasterketako partaideak. Hala, lehenek 10:00etan ekingo diote Pasaiako punturik altuena den gailurrerantz (332 metroan) joateko bideari, eta 11:00etan hasiko da lasterketa, 3,4 kilometrokoa.
Behin lasterketa bukatuta, sari banaketa Arrokaundietako Piraten Etxean egingo dute. Han, azkarrenei txapelak eta garaikurrak emateaz gain, mariskada baten zozketa izango da, eta pintxo beroez nahiz saldaz gozatu ahalko dute partaideek.
Itsas Mendik jakinarazi du partaideen motxilak plazatik Arrokaundietara eramango dituztela, eta han korrikalariek dutxa zerbitzua izango dute.