Osasun publikorako eskubidea erdigunean jarri dute
Arrakastatsua izaten ari da Iztietako anbulatorioan egindako murrizketak salatzeko abiatu duten alegazio bilketa kanpaina. Gaur, berriro, 800 sinadura bildu dituzte.
Haserre daude herritarrak. Haserre eta kezkatuta. Osasun publiko duinerako eskubidea da jokoan eta ez daude prest hura galtzeko, badakitelako ondorioak herritar guzti-guztiek jasango dituztela. Ez dago murrizketek kaltetuko dituen sektore bakarra, herritar orori eragiten diete, berdin-berdin.
Gaur berriro izan dira kalean Iztietako anbulatorioaren egoerarekin kezkatuta lanean eta borrokan ari diren eragile eta elkarteak. Anbulatorio horretan lehen arreta zerbitzu kalitatezkoa eta duina exijitzen dute, eta horretarako, atzo egin bezala, gaur ere sinadurak bildu dituzte. Errenteria-Oreretako auzo elkarteak, erretiratuen elkarteak, Oreretako Mugimendu Feminista, Oreretako Bilgune Feminista, Duintasuna Pentsiodunen elkartea, eta GOT taldea ari dira protesta ekimenak dinamizatzen, baita alegazio kanpainaren barruan herritarren sinadurak biltzen ere.
Atzoko bide beretik egin dute gaur ere. Izan ere, 800 sinadura jaso dituzte bi orduan —atzo 1.000tik gora izan ziren—. Antolatzaileen balorazioa ezin hobea, ezinbestekoa baita hilaren 30era arte ahalik eta alegazio gehien jasotzea. Behin bukatuta, bildutako sinadura guztiak Donostialdeko ESI-aren Pazientearen eta Erabiltzailearen Arreta Zerbitzuan aurkeztuko dituzte.
Eskaera zehatzak
Lehen mailako arreta bermatzea eta osasun arazoen jarraipena lehen arretako sendagile berak egitea eskatu, eta kontsultarako hitzordua lortzeko atzerapena, urgentzietako zerbitzuan sendagilerik ez izatea, mediku galera eta zerrenda eta itxaronaldiak amaigabeak direla salatzen ari dira alegazioen bidez. Gaur gaurkoz, Iztietako anbulatorioari berez dagozkion 16 medikuetatik zazpi falta dira sinadura bilketaren atzean ari diren eragileek emandako informazioaren arabera. Urgentzietan sendagilerik ez da eta lehen kontsultarako itxaronaldia 30 egunekoa da.
Iztietako anbulatorioa eta lehen arreta zerbitzua larrialdietatik ateratzeko lanean ari diren eragile eta elkarteek oraindik ere sinatu ez duten Oarsoaldeko herritarrak bat egitera deitu dituzte, “bizitza dugu jokoan, osasun arreta zerbitzu publiko kalitatezkoa eta duina hil ala biziko egoeran dago eta guztioi dagokigu haren alde borrokatzea”.
Hilaren 30era arte izango dira sinadurak biltzen Iztietako anbulatorio aurrean, 09:30etik 11:30era arte.