Bilboko manifestaziorako autobusak antolatu ditu Sarek
Goizez eta arratsaldez antolatu ditu autobusak Sarek hilaren 13ko euskal presoen aldeko Bilboko manifestaziora joateko. Ohiko lekuetan eros daitezke txartelak.
Euskal presoen aldeko manifestazioa egingo du Sare Herritarrak hilaren 13an—larunbata—Bilbon Konponbiderako giltzak lelopean. Horren harira, autobusak antolatu ditu Orereta-Errenteriako Sarek bertaratu nahi duten herritarrei begira.
Bi aukera izango dira. Izan ere, Sarek goizeko autobusa antolatu du. 10:30ean abiatuko da hori Panier zubitik, eta izena Sindikato tabernan eman behar da.
Beste autobusak berriz, 14:00etan abiatuko dira leku beretik, Panier zubitik, alegia. Horietarako txartela Arkaitza eta Sindikato tabernetan erosi behar da. Prezioa goizeko zein eguerdiko autobusetarako bera da, 13 euro.
Euskal presoen aldeko manifestazioa 16:00etan abiatuko da Bilboko La Casillatik. Sarek dei egin die herritarrei “konponbiderako giltza” izan daitezen, “izan ere, askotxo dira oraindik orain ireki beharreko sarrailak presoen etxerako bidea, konponbidea eta bizikidetzari bidea zabaltzeko”.
Une honetan bost euskal preso oreretar daude Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkartearen informazioaren arabera. Horietatik bi etxean daude preso: Mikel Arrieta Llopis eta Aitzol Gogorza Otaegi. Biek ala biek gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte. Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri Zaballan dago espetxeratuta, eta Eider Perez Aristizabal eta Juan Manuel Inziarte Gallardo Buto, berriz, Martutenen. Inziarteri gradu erregresioa ezartzea erabaki zuen Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Hirugarren gradua jartzearen alde egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak joan den urteko martxoan. Fiskaltzak helegitea jarri zion erabaki horri, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ontzat eman zuen helegite hori. Martxoan bertan, espetxera itzuli behar izan zuen euskal presoak.
Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegiak, berretsi egin zuen pasa den ekainean erabaki hori; horrenbestez, Inziarteri gradu erregresioa ezarri eta bigarren graduan da euskal presoa.
Hilaren 13rako deitua duen manifestazioa aurkezteko unean datu esanguratsua eman zuen Sare Herritarrak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartutako 387 gradu-progresioetatik, fiskaltzak 10 errekurritu ditu, hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak %60 errekurritu du.
https://twitter.com/i/status/1741895844784193714