Errege kabalgataren kudeaketagatik kexu da PSE-EE
Egonezina adierazi du alderdi sozialistak eta gobernu taldeari "koordinazio falta" eta "presaz erabakitzea" egotzi dio.
Haserre azaldu da alderdi sozialista. Komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez, ezinegona azaldu du sozialisten bozeramaile Isaac Palenciak, alderdi horren ustez betiere, Errege kabalgataren kudeaketa “ezegokia” egin omen zuelako gobernu taldeak. Zehazki, “presazko erabakiak” hartzea eta “koordinazio falta” egotzi dizkio, “horrek guztiak desfilearen kudeaketa kaotikoa suposatu zuen”.
Errege kabalgata bertan behera uztea erabaki zuela gobernu taldeak dio Palenciak, “kontuan hartu gabe antolaketan parte hartzen duten elkarteak. Udalerriarentzat halako garrantzia duen ekitaldi baten inguruan komunikazio eta adostasun falta onartezinak dira”.
Kritika ugari jaso dituela erantsi du PSE-EEk, “bizilagunen zein antolatzaileen aldetik. Informazio faltak eta egoera kudeatzeko moduak, desfilea posible egiten duten elkarteekiko errespetu falta erabatekoa erakusten dute”. Kexu ere jakin duelako alderdi horrek, kabalgata bukatutakoan boluntarioei ez zitzaiela eman ez txokolaterik ez opilik ere. Horrek, kolaboratzaileen lan boluntarioarekiko “mespretxua” eta “sentsibilitate falta” erakusten du sozialisten iritzirako.
Harago jo du alderdiak, “behar den informazio guztia bilduko dugu ardurak argitzeko. Izan ere, planifikazio eta antolaketa falta etengabe hau udalerriaren irudiarentzat kaltegarria da”.