Zaintzez gogoetatzen hasiko du urtea Emakumeen Etxeak
Zaintzen gainean hausnartzeko beharra erdigunean jarriko du Emakumeen Etxean. Argazki erakusketa, dokuforuma, Zaintza arkitekturen gaineko hitzaldia, eta tailerra antolatu ditu hilabete honetarako.
Emakumeen Etxeak zaintzak gogoetaren erdigunean jarrita hasiko du urtea. Ezinbestekoa zaio zaintzen gainean hausnarketa egitea eta horri begira antolatu ditu hilabete honetako programatutako ekintzak. Erakusketa, dokuforuma, hitzaldia eta tailerra dira antolatu dituenak.
Lehena argazki erakusketa izango da eta hilaren 11tik 31ra bisitatu ahalko da Emakumeen Etxearen ohiko ordutegian. Angeles de la guarda izena du erakusketak, eta migratzen duten emakumeen eta Perun seme-alaben zaintzapean geratzen diren emakumeen errealitatea erakusten du. Liman egindakoak dira argazkiak 2010ean, eta horien atzean Rosa Villafuerte argazkilari soziala dago. Kamararen bidez betikotu dituenak Espainiako Estatuan eta Araba, Bizkai, eta Gipuzkoan ama duten nerabe eta adingabeen zaintzaile geratu ziren amonak.
Erakusketa hilaren 11n, , ostegunean inauguratuko dute bisita gidatu batekin 18:00etan.
Dokuforumak hartuko du lekukoa. Ainarak lana emango dute Emakumeen Etxean hori ere, hilaren 18an 18:00etatik 20:00etara. Ane Etxegoien abeslariarekin batera, 1870 eta 1940 urteen artean Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari helduko diote. ainarak izenez ezagunak izan ziren emakume horiek, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako. Espartinen industrian lan egitera joaten ziren, eta udaberrian etxera itzuli.
Zaintza arkitekturen gainean hausnartzeko jardunaldia egingo dute ondoren. Hilaren 25ean izango da Zaintzaren arkitekturak: Europako etxebizitza komunitarioen ereduetatik gure erdu fisikora hitzaldia izango da. Irati Mogollon ikerlari lezoarrak Europako etxebizitza kolaboratiboen eredu ezberdinei buruz hitz egingo du, eta zahartze aktiboa, eta zaintza sare eta arkitekturen gainean hausnartzeko aukera emango du.
Hilaren 26an, berriz, Gure zaintza arkitekturen bila tailerra egingo dute 17:00etatik 20:00etara bizitza komunek eta komunitarioek dakartzaten erronkak eta ikaskuntzak aztertzeko. Mogollonek berak, bizitzaren iraunkortasunari, zaintza eredu eta sareen eta Errenteria-Oreretan diren zaintza azpiegiturei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditu bertaratzen direnak.
Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da, eta aurreko eguneko hitzaldia bertaratzea gomendatu dute.
Bestalde, Emakumeen etxeko batzarra egingo dute hilaren 16an, asteartea, 18:00etatik 20:00etara.