Ane Santesteban Laboral Kutxarekin lehiatuko da
Aurten hasita, hiru urterako sinatu du txirrindulariak eta hortaz, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioarekin ariko da 2024, 2025 eta 2026an.
Laboral Kutxaren txirrindulari taldea indartzera heldu da Ane Santesteban errenteriarra. Aurten hasita, hiru urterako sinatu du txirrindulariak eta hortaz, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioarekin ariko da 2024, 2025 eta 2026an. Santesteban, taldeko liderra izango da gainera: “tropeleko euskal txirrindulari onenetako baten aldeko apustua egin dugu”, azaldu du Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak.
Erreferentea da errenteriarra txirrindularitzan. Bere ibilbidea begiratu baino ez da: Bitan izan da olinpiar jokoetan, 2016an Rion eta 2020an Tokion.
Australiako Team Jayco ALUla taldearekin aritu da Laboral Kutxa taldearekin hasi aurretik, eta haiekin hamargarren izan da Santesteban Giroan eta zortzigarren Frantziako Tourrean.
Lehen erronka euskal taldearekin Mallorkan (Balearrak, Herrialde Katalanak) izango du errenteriarrak. Bertan egingo du debuta, bi jardunalditan parte hartuta: Palmako sarian hilaren 21ean, eta Benissalem-Andratx sarian hilaren 22an. Ondoren, Almeria (Andaluzia, Espainia) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) probetan ariko da. Martxoan Wordltourreko Italiako klasikoak diren Strade Bianche eta Alfredo Blinda sarietan aritzea ere aurrikusi dute.
Fitxaketa iragartzeko unean egindako adierazpenetan pozik azaldu zen Santesteban, “etxera itzultzeko gogo izugarria nuen. Ametsak betetzeko kanpoan ibili ondoren, etxean lehiatzeko gogo handia, eta orain Laboral Kutxarekin batera, elkarrekin hazteko aukera sortu da, arlo profesionalean zein pertsonalean”.
Txirrindulariak maiatza eta ekaineko txirrindularitza lasterketak aipatu ditu, “Itzulia, Durango, Eibarko probak izango dira. Mallorka eta Almerian sasoi betean hastea espero dut”.
2019an sortu zuten Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea, eta 2021etik UCI Continental taldea da eta World Tour taldea izateko erronka bere egin du, “mundu mailan sona handia izango duen talde bihurtu eta euskal emakume txirrindulari gazteak ahalduntzen jarraitzea da gure helburua”, adierazi dute taldeko arduradunek.