Energia teknikaria kontratatu du Lezoko Udalak
Teknikari horrek energia trantsizioari aurre egiteko plana osatuko du, eta plan horretatik ondorioztatzen diren ekintzak abiatuko ditu.
Lezoko Udalak energia teknikari bat kontratatu berri du, eta dagoeneko bere jardunean murgilduta dabil. Teknikari horrek energia trantsizioari aurre egiteko plana osatuko duela jakinarazi du udalak, eta, ondoren, plan horretatik ondorioztatzen diren ekintzak abiatuko ditu. Horrez gain, plana landu, horren jarraipena egin eta energia komunitatea sortzeko aholkularitza eskainiko du. Udal eraikinen azterketa ere egingo du, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarria sortzeko aukera aztertzeko.
Honakoa esan du Mikel Arruti Lezoko alkateak: “Krisi energetiko batean gaude. Horrenbestez, beharrezkoak dira energia iturri berriak, jasangarriak direnak eta merkatuaren arauetatik haratago funtzionatuko dutenak. Legegintzaldi hasieratik argi geneukan jorratu beharreko gaia zela eta helburu horrekin jardungo dugu. Gaia lantzeko energia teknikaria kontratatu du Lezoko Udalak urtebetarako”.