Ate joka da Mitxintxolako Igoera
Igandean egingo dute Oarso Bidasoko lasterketen urteko egutegiko lehena: Donibaneko Itsas Mendik antolatzen duen Mitxintxolako Igoera.
Igandean da Itsas Mendik antolatzen duen Mitxintxolako Igoeraren XIII. ekitaldia. Egoki doaz izen emateak, gaur (osteguna, hilak 11) jada 34 direlako dortsala hartu dutenak. Igandera arteko epea dago izena emateko, Herrikrosa plataformaren webgunearen bitartez (5 euro). Oarso Bidasoan herri lasterketen egutegiko lehena da Donibanen egiten dena.
Lasterketari 11:00etan ekingo diote korrika egitera animatu direnak. Aurretik, ordea, Pasaiako punturik altuena den Jaizkibelgo gunera joateko martxa antolatu dute, 10:00etan hasita. Bai martxa zein lasterketa santiago plazatik abiatuko dira. Ibilbidea ez da luzea, 3,4 kilometrokoa baita. Baina hasierako ibilbide laua zeharo aldatuko da Alabortzara iristerakoan, han hasiko baita Mitxintxolarako igoera gogorra.
Behin lasterketa bukatuta, sari banaketa Arrokaundietako Piraten Etxean egingo dute. Han, azkarrenei txapelak eta garaikurrak emateaz gain, mariskada baten zozketa izango da, eta pintxo beroez nahiz saldaz gozatu ahalko dute partaideek.
Itsas Mendik jakinarazi du partaideen motxilak plazatik Arrokaundietara eramango dituztela, eta han korrikalariek dutxa zerbitzua izango dute.
Lasterketaren marka onenak Ander Aramendi sanjuandarrak gizonen kategorian (16.37) eta Lurdes Oiartzabal lezoarrak emakumeenean (19.57) dituzte.
