Lezoko Udalak Herrikide zerbitzua abiatuko du hilaren 15ean
65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako eguneko arreta zerbitzua da. Arreta hori Aiton Borda Elkarteko udal lokalean eskainiko da astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:30etik 13:30era.
Lezoko Udalak Herrikide zerbitzua jarriko du martxan hilaren 15etik aurrera. Herrikide 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako eguneko arreta zerbitzua da. Arreta hori Aiton Borda Elkarteko udal lokalean eskainiko da astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:30etik 13:30era.
Dani Muñoz Lezoko Gizarte Zerbitzuetako teknikaria da, eta honela azaldu du datorren astelehenetik aurrera martxan jarriko den zerbitzua: “Mendekotasun arriskua edota mendekotasun arina aitortua duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako eguneko arreta zerbitzua da. Zerbitzuaren helburu nagusiak ondorengoak dira: adinekoen autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi ingurunean jarraitzen zein gizarteratzen laguntzea”.
Bestalde, Mikel Arruti alkatea “pozik” da Lezok Herrikide programa aktibatuko duelako: “Pozik gaude, hilaren 15etik aurrera Herrikide zerbitzua martxan hasiko delako. Lezok zerbitzu berri honen beharra zeukala argi genuen. Herritar guztien ongizatea zaintzen jarraituko dugu”.
Informazio gehiagorako edota programan izena emateko, Lezoko Gizarte Zerbitzuetan hitzordua eskatu behar da. Hitzordua bi modutara lor daiteke: Gizarte Zerbitzuen bulegoan astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era, edo 943 52 10 94 telefono zenbakira deituta.