Lurraldebus zerbitzuaren hobekuntza goretsi du PSE-EEk
Udal taldeak foru lurraldeko neurria goretsi du, maiztasunak areagotu, linea berriak sortu edota herriko goialdeko auzoetara irisgarritasuna hobetuko dituelako.
Errenteria-Oreretako PSE-EEk agerraldia egin du gaur, Azahara Dominguez lurraldeko diputatu sozialistaren ekimenez Lurraldebus zerbitzuak egingo dituen aldaketak balioesteko. Herriko goialdeko auzoetan aldaketa nabariak egingo dituztela aipatu dute: hiru linea berriren sorrera, ibilbide batzuetan zuzenketak, eta maiztasuna areagotzea aipatu dituzte.
Aldaketok Beraunetik ospitaletara irisgarritasuna hobetuko dutela iritzi diote, eta horrek inguruko langileei mesede egingo diela. Gainera, goizalde eta gaualdean maiztasuna areagotu eta asteburuetako zerbitzua bermatuta geldituko dela adierazi dute. Bestela, ibilgailuen tamaina handitu (zerbitzua herritar gehiagori emateko) eta ibilbide luzeko lineak indartuko dituztela esan dute, Donostiako autobus geltokiarekin lotura kasu.
