350 haurretik gora hartuko dute parte eskola igeriketa kanpainan
Urtarrila eta ekaina bitartean hogei eguneko iraupena izango duten txandatan banatuta hartuko dute parte Errenteria-Oreretako ikasleek.
Igeriketa sustatzeko kanpaina beste urtebetez jarri du martxan errenteriako Udalak. Praktikoa izatea du helburu Eskola Igeriketa Kanpainak, parte hartzen duten ikasleek igeriketaren oinarrizko trebetasunak gara ditzaten, baita jarduera fisikoa egiteko nahia areagotu dadin haien artean. Hogei eguneko iraupena izango duten hainbat txandetan 350 ikasletik gora ariko dira igerian ikasi edota teknika hobetzen.
Lehenik eta behin, proba bat egingo diete, ikastaroak teknikoki sailkatuta dauden hiru mailetako batean sailkatzeko. Hogei saioak gainditu ondoren, bakoitzak hasierako maila gainditzea da helburua. Ikasle bakoitzari, gainera, bilakaeraren berri ematen duen fitxa bidaliko zaio.
Hartzaileak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak dira, eta Fanderia eta Galtzarabordako igerilekuetan egingo dituzte ikastaroak. Programazio berezia antolatu du gainera udalak aurten, 2020an programa horretan parte hartzerik ezin izan zuten ikasleei begira.
Udalak %80an finantzatu du kanpaina, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak %20an. Hori dela-eta ez die familiei inolako gasturik suposatuko. Horrekin batera, behar bereziak dituzten ikasleei begira begiraleak dituela jakinarazi du udalak. Ikastaro guzti-guztiak euskaraz dira.