Orientazio jolas bat, hilaren 21ean Arditurrin
Familiei begirako jarduera Arditurri parketxearen inguruan gauzatuko da, eta ibilbidean zehar froga ezberdinak bilatu beharko dira. Parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretiko izen-ematea.
Hilaren 21ean, igandea, Iparra galdu gabe orientazio jolasa eskainiko da Arditurriko parketxean, familiei begirakoa. Bertako inguruan zehar, parte hartzaileek froga ezberdinak bilatu beharko dituzte, Arditurri parketxetik abiatuz. Familian goiz “dibertigarri” bat pasatzeko plan “ezin hobea” dela adierazi dute antolatzaileek, Aiako Harria natura parkean ibilbide “paregabe” bateko bitxikeriak ezagutu eta haiez gozatzeko.
Parte hartzaileek 10:30etik 12:10era bitartean ekingo diote orientazio jolasari, Arditurri parketxetik. Jarduerak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta 3 kilometro inguruko ibilbide “erraz” bat osatu beharko dute. Horrez gain, orientazio jolasa elebiduna izango dela nabarmendu dute. 12 urte arteko haurrek 3 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko. Helduek, aldiz, 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Informazio gehiagorako eta erreserbak egiteko, Arditurrik 943 49 50 69 eta 688 89 50 68 telefonoak eta posta elektronikoa jarri ditu interesdunen eskura. Izena aldez aurretik ematea ezinbestekoa dela jakinarazi du Arditurrik.