Arranoak antxotar izan nahi zuen, baina horrela ez zen arrano izango
Jone Arrizabalaga antxotarrak noraezean zebilen arrano bat jaso, eta babestu du. Hura egoki artatzeko gune batera eraman dute udaltzainek.
Arrano batek lur hartu du gaur goizean Antxon. Hala jakinarazi dio Jone Arrizabalaga antxotarrak HITZAri. Antza, haizeteak eragindako nekeagatik-edo Pasaiako barrutira jaistea erabaki du hegaztiak, itxuraz oso gaztea. Baina hura ez da bere ingurunea. Hortaz jakitun, Arrizabalagak arranoa babestu, eta Pasaiako Udaltzaingora hots egin du jaso zezaten. Agenteek arranoa hartu, eta zaintza egokia izan dezan Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi dute. Arranoak antxotar izan nahi zuen, baina horrela ez zen arrano izango, zeru-mendietan libre bizi behar baitira.
Egindakoaz kontent mintzo da Arrizabalaga, uste duelako hegaztia jaso eta babestea ezinbesteko zela, haren ingurune naturaletik at ikusi duelako, galduta. Alta, adierazi du jakin nahi duela nora eraman duten arranoa, haren bilakaeraren berri izateko. “Eguna poztu dit honek”, aitortu du.