Alokairuan jartzen diren etxebizitzak birgaitzeko diru laguntza lerroa zabaldu du udalak
Etxebizitza hutsak mobilizatzeko diru laguntzak eskatzeko epea ireki du Errenteriako Udalak.
Udalak etxebizitza hutsak mobilizatzeko diru laguntza lerroa zabaldu du. Neurriaren bidez, Alokabideko Bizigune eta ASAP alokairu programak bultzatu nahi ditu udalak herrian, eta horrenbestez etxebizitza eskuratzea arrazoizko prezioan.
Horren barruan, alokairuan jartzen diren etxebizitza hutsak birgaitzeko 3.500 eurorainoko diru laguntza emango du. Baldintza izango da, Bizigune gutxienez sei urtez, edo ASAPen gutxienez hiru urtez izena emanda egotea, edo izena emateko konpromisoa hartzea. Horretaz gain, diru laguntza bideratu beharko dute etxebizitza birgaitzeko obretara, ekipamenduak erostearen edo instalatzearen gastuak ordaintzera, edo etxebizitzaren energia ziurtagiria eskuratzera.
Diru laguntza lerro hori 2020an jarri zuen abian udalak, eta ordutik 250.000 euro bideratu ditu. Aurten, 50.000 euro bideratuko dira, eta azaroaren 30era arte izango da zabalik eskaera egiteko epea. Informazio zehatza, hemen klik eginda kontsulta daiteke.
Diru laguntza horiez gain, neurri fiskalak ere ezarri ditu udalak. Hala, Ondasun Higiezinen gaineko zerga %50 murriztuko die baldin eta etxebizitza hutsak etxebizitzak mobilizatzeko programetan inskribatzen badituzte. Halaber, informazioa kanpaina ere egingo du udalak etxebizitza hutsak dituzten jabeei horiek alokatzeak dituzten abantailak jakinarazteko.
Azkenik, etxebizitza eskuratzeko orduan zailtasun gehien dituen kolektiboetako bat gazteena da. Horiei erantzun asmoz, diru laguntza lerro bat du Errenteriako Udalak. 18-35 urte arteko gazteei begirakoa da edota 18 urte beteta izan gabe emantzipatuta bizi diren gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. Iaz, %50 igo ziren diru laguntza lerro horren barruan egindako eskaerak. Aurten eskaera egiteko epea, urteko azken hiruhilekoan irekiko da.