«Arraunlarien konpromisoa jarri nahi dut lehen lerroan»
David Iglesias Albizu pasaitarra da Hibaikako gizon seniorren traineruaren entrenatzaile berria. Arraunean ibilbide luzekoa, arraunlarien konpromisoa eta lanerako gogoa nabarmendu ditu.
Gizon seniorren entrenatzaile berria zara. Zer aurkitu duzu Hibaikan?
Betidanik ezagutzen dut Hibaika, baina barrutik orain izan dut lehen harremana. Harrobia oso modu egokian lantzen ari den kluba dela esango nuke, garrantzia handia ematen ari da arlo horri, eta bide horretatik bide oparoa izan dezakeela aurreikus daiteke. Haur mordoa dira arraunean bertan. Oso ongi ari dira.
Gizon seniorrei dagokienean, berriz, baja batzuk izan ditugu, baina gelditu diren arraunlariek konpromiso handia erakutsi dute. Ez dugu jendea soberan: 11 seniorrak dira, iaz traineruan ibilitako Gazte Mailako bi arraunlari ditugu, eta aurten traineruan lehenengoz ariko diren Gazte Mailako beste hiru gazte. Harrobikoak dira gazte horiek guztiak, eta hori oso garrantzitsua da.
Zein helburu ezarri dituzu?
Zaila da helburuez urtarrilean hitz egitea. Hala ere, orain arte ikusi dudanagatik ez dugu arazorik izango KAE2 Ligako lehian maila egokia emateko. Lehentasuna, une honetan, trainerua ahalik eta azkarren joatea da, horrekin zentratuta nago. Gero gerokoak. Hala ere, maila ona emango dugun zalantzarik ez dut.
Gazte Mailako arraunlari denak harrobikoak direla esan duzu, baina seniorren artetik zenbat dira harrobikoak?
Gazteak, guztiak dira harrobikoak. Bi senior iaz taldean aritutakoak dira, eta beste bi propioak dira. Esan dezakegu, beraz, alde horretatik ongi goazela, zaila delako harrobiko arraunlariak izatea gaur egun.
Senior gizonen traineruaren zailtasunak zehaztu beharko bazenitu, zein aipatuko zenituzke?
Ez da erraza izan. Hainbat arraunlarik utzi egin zuten taldea denboraldi amaieran, eta horrek ezustean harrapatu ninduen. Hasieran ez zegoen batere argi egoera, zazpi baino ez ginelako. Elkarlanerako hitzarmena egin genuen ondoren Sanpedrotarra Arraun Elkartearekin; iaz Hibaikan aritutako arraunlarietako batzuk Eusko Label Ligan lehiatzeko gogoa zuten, eta San Pedrok arraunlari asko dituenez, batzuk gurekin ariko dira. Hiru dira, Tolosako 18 urteko hiru arraunlari, eta lehenengoz ariko dira traineruan.
Gaudenak nahikoak gara trainerua ateratzeko, dauden arraunlariak gogoz daude, eta konpromisoa dute. Ezin dut gehiago eskatu. Lan egiten denean, emaitzak iristen dira.
Ibilbide zabala duzu: 25 denboraldi zortzi klubetan arraunean, hemezortzi aldiz lehiatu zara Kontxan, 327 estropada soinean, bi denboralditan entrenatzaile… Zein ekarpen egingo diozu Hibaikari?
Trintxerpen entrenatzaile aritu nintzen garaian aurkitutako egoera antzekoa topatu dut Hibaikan. Jarrera eta gogoa duen jendearekin egin dut topo, eta hori oinarrizkoa da, gogoa jartzea, nahi izatea eta ahal duten gehiena ematea. Trintxerpek eta Hibaikak gauza ugari dituzte antzeko; horietako bat, gizonen trainerua uretan mantentzeko zailtasuna. Ez da arraroa, San Pedro eta San Juan ditugu ondoan, eta beste maila batean ari dira. Taldea mantentzea zaila izaten da. Trintxerpen emaitza itzela lortu genuen 2000. urtean harrobiko arraunlariekin. Esan dudan moduan, zaila da helburuez hitz egitea orain, baina KAE2 Ligan maila ona ematea dugu asmo, gorako bidea egiten jarraitzea, eta ahal dela, bizpahiru urtean KAE1 Ligan aritzea. Trintxerpen orduan lortu genuena Hibaikan lortzea gustatuko litzaidake.
Ez naiz bakarrik ariko, gainera, Aitor Artetxe laguntzaile izango dut.
Arraunlari aritzea edo entrenatzaile, zer da zailagoa?
Entrenatzaile, zalantzarik gabe. Entrenatzaile gisa emaitzen araberako presioa sumatzen duzu. Arraunlariek konpromisoa dutela eta dena ematen ari direla ikusten duzunean ezin duzu hutsik egin, taldeak nigan konfiantza badu gauza bera eman behar diot nik bueltan, onena. Arraunlaria zarenean taldearekin pentsatu behar duzu, baina maila ematen ez baduzu kanpoan uzten zaituzte; entrenatzaileak ezin du kanpoan gelditu.
Esker ona adierazi nahi diet gelditzea erabaki duten arraunlariei, ez baitute erabaki hori baldintzak onenak zirenean hartu: entrenatzaile berria dute, arraunlariak faltan ziren… Gelditu direnak dena ematen ari dira, eta haien konpromisoa jarri nahi dut lehen lerroan. Ezin diet hutsik egin.