Energia berriztagarriaren erabilera hedatuko du udalak
Madalensoro, Elorsoro, eta Udako Igerilekuetan, aurrerantzean, energia berriztagarria kontsumituko da bakarrik.
Elorsoro kiroldegiko, Madalensoroko eta udako igerilekuetako elektrizitate guztia berriztagarria izango da aurrerantzean. Udalak, egitasmo honen bidez, “kontsumo arduratsua” sustatzen jarraitu eta klima aldaketaren aurkako neurri zehatzak hartu nahi ditu.
Udalaren energia kontsumoaren zati handiena horrelako azpiegituretan erabiltzen da (% 70a), % 26a kale argiztapenean doan eta % 4a ibilgailuetan erabiltzen den bitartean. Hori dela eta, kiroldegia izanda gainera energia gehien kontsumitzen duen eraikina, neurri hori hartzea erabaki du udalak.
Energia eta klima planean jasotako neurria
Erabakia 2023 amaieran udalak adostu zuen Klima eta Energia Planaren baitakoa da. Klima larrialdiari aurre egiteko proposamenak jaso dituzte bertan. 2030erako, esaterako, berotegi efektuari aurre egiteko gas isurketak % 40 murriztea lortzea da helburua; eta udal instalazioetako kontsumo elektriko eta termikoaren % 32a, berriztagarria eta inguruan sortu edo ekoitzitakoa izatea.
Hori horrela, herritarrekin elkarlanean 64 ekintza egitea da udalaren asmoa. Ekintza horiek lau ardatzetan banatu dituzte.
Kontratazio publikoa, herri biziagorako tresna
Goiener kooperatibarekin adostuta, hau izango da aurrerantzean Madalensoro, Elorsoro eta Udako Igerilekuetako energia hornitzaileea. Era berean, Goienerrek elektrizitate kontsumoa jaisteko aholkularitza zebizua eskainiko dio udalari.
Erabakia ezagututa, Ibon Mitxelena ekonomia sozialerako zinegotziak egin ditu adierazpenak. Haren esanetan, kontratazio publikoa “tresna baliagarria” da jendarte “justu eta jasangarriagoa” lortzeko. Halaber, neurriak ingurumen politiketan eragin eta, ondorioz, orotariko balio etikoak sustatzeko “egokia” izango dela adierazi du.
Energia berdeena, kontsumitzen ez dena
Azpiegiturotako energia berriztagarria izango bada ere, gobernu taldeak kontsumoa bera optimizatzen ahaleginduko da. Horretarako, kiroldegian sektorizazio prozesu bat abiatuko du, kontsumoa zehatz mehatz aztertzeko. Ondoren, energiaren erabileraren diagnostikoa eginda, kontsumoa gutxitzeko aukera izango dutela adierazi du Mitxelenak.
Kiroldegiko teilatuan eguzki plaka fotovoltaikoen instalakuntza egingo dute aurten. Neurri horren helburua bertan sortutako energia berriztagarriaren kontsumoa da.