Herritarren bizi kalitatearen alde lanean jarraituko du Errenteria Osasunak
Papresak iazko otsailean inauguratu zituen instalazio berriak egiteko ingurumen baimen integratuaren aldaketari helegitea aurkeztu zion plataformak.
Papresaren jardueragatiko zarata eta soinuengatik kexa eta erreklamazio ugari egiten jarraitzen dute bizilagunek. Argazkia: Wikimedia Papresak iazko otsailean inauguratu zituen instalazio berriei ezarritako ingurumen baimen integratuari aldaketa nabarmenak egin zizkiotela eta, helegitea aurkeztu zuen Errenteria Osasuna plataformak. Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu esan du plataformak eta horrenbestez, herritarren bizi kalitatearen alde borrokatzen jarraitu beste aukerarik ez dietela utzi erantsi du.
Errekurtsoak aurkezten jarraitzeko asmoa iragarri du plataformak, “herri barruan kamioen zirkulazioa ezabatzeko, edo Papresatik gertu diren balkoien barandak zikintzen jarrai ez dezaten. Usaina ere jasangaitza da, itogarria, eragindako soinua tortura den moduan. Irainak eta mehatxuak ere ez dira faltan”.
Halaber, elkarte eta norbanakoei dei egin die plataformarekin bat egin dezaten. Horretarako posta elektronikoa jarri dute interesdunen eskura, baita gogorarazi ere sare sozialetan kontua duela.
