Moran tabernak mende erdia bete du
Agustinak auzoan kokatuta dagoen establezimenduak 50 urte beteko ditu bihar, eta ibilbide horri aitortza egiteko, egun osoko jai egitaraua ondu dute biharko.
Agustinak auzoan kokatuta dagoen Moran taberna zorioneko dago, mende erdia beteko baitu bihar (larunbata). 50 urteko ibilbide horri aitortza egiteko, egun osoko jai egitaraua ondu dute biharko auzotar eta lagun guztientzako. Festa giroan ospatu nahi dute urteurren esanguratsu hori.
Moran tabernakoak goizetik jarriko dira martxan, eta egitarau zabala prestatu dute egun osorako: sagardo eta pintxo dastaketa, musika, opariak edota txokolatada. Jarduera horiek Markola etorbideko plaza borobilean egingo dituzte, den-denak doan. Urteurrena 22:00etan itxiko dute tardeoarekin.