Tosta mugikorrean ere, asteburu arrosa
Distantzia luzeko Gipuzkoako XIII. Txapelketan urrezko hiru domina eta zilarrezko bat irabazi dituzte emakume sanjuandarrek.
Tosta mugikorreko distantzia luzeko Gipuzkoako XIII. Txapelketa (aldi berean Gipuzkoako Ligako hirugarren jardunaldia izan zen) izan zen jokoan larunbatean Bidasoa ibaian, Santiagotarrak Kirol Elkarteak antolatua. Bertan izan ziren estropada guztietan urrezko hiru domina, zilarrezko bat, eta bosgarren postu bat eskuratu zituzten San Juan-Koxtapeko arraunalariek, denak emakumeak.
Kategoria emankorrena nesken Kadete Mailako biko ontziena izan zen. Izan ere, sanjuandarrek urrea eta zilarra irabazi zituzten horretan. Bikoan ere, baina emakumeen Beteranoen Mailan, podiumaren gorenean izatea lortu zuten arrosek. Emakumeen Junior Mailako laukoan ere lehen postua herriko ordezkarientzat. Maila horretan, baina biko botean, bosgarren izan ziren.
Emaitza den-denak xehetasunez ikusteko, joan Gipuzkoako Arraun Federazioaren webgunera.