Inauteriak emanaldiz lepo iritsiko dira Lezora
Lezoarrak otsailaren 8an jarriko dira martxan ostegun zuriarekin, eta otsailaren 13an itxiko dituzte jarduerak Trapujaleren epaiketarekin. Aurten, Trapujale taldeak Lezoko Dantzazaleen ibilbidea errekonozituko du, 15 urte bete baitituzte.
Inauteriak gainean dira, eta emanaldiz lepo iritsiko dira Lezora. Udalak eta eragileek ekintza mordoz osatutako programazioa ondu dute, eta gaur aurkeztu dituzte xehetasun guztiak Jon Legorburu Kultura zinegotziak eta Lezoko Dantzazaleen elkarteko Gurutze Alberdik eta Mila Goyazek.
Lezoarrak otsailaren 8an jarriko dira martxan ostegun zuriarekin, eta otsailaren 13an itxiko dituzte inauterien bueltako jarduerak Trapujaleren epaiketarekin. Ohikoa den bezala, Trapujale taldeak Lezoko elkarte baten ibilbidea errekonozitzen du Trapujale sariarekin. Aurten, Lezoko Dantzazaleak taldeari egingo diote omenaldia, elkarte horrek hamabost urte bete baititu. Legorburuk aitortu du sari hori herriko entitate eta elkarteek jasotzea “plazer” bat dela. Dantza taldeak hamabost urte daramatza lanean, eta Legorburuk adierazi du inauteriei “herri balorea” ematen diela.
Lezoko Dantzazaleen izenean, Alberdik eskerrak eman dizkio Trapujale taldeari oroigarria emateagatik. “Guretzat urte hau oso berezia da, hamabosgarren urteurrena delako”, esan du dantza elkarteko kideak, eta gogorarazi du helburu batekin abiatu zutela beren jarduna: “Lezoko plazetan eta ekintzetan dantzatzen parte hartzea”. Gaur egun, horrela jarraitzen dutela baietsi, eta etorkizunean ere horrela jarraituko dutela aurreratu du, “kultura herritik eta herriarentzat eginez”. Lezoko Dantzazaleek otsailaren 8an jasoko dute errekonozimendua Gurutze Santuaren plazan, 20:00etan; eta ostiralean, otsailaren 9an, Lorezainen dantzak emanaldia aurkeztuko dute Karlos Saldise plazan, 19:30ean.
Inauteriek irauten duten denboran, lezoarrek gustu guztietarako proposamenak topatuko dituzte herriko hainbat txokotan, eta Legorburuk horietako batzuk nabarmendu ditu. Otsailaren 8ko Trapujaleren jaitsiera eta otsailaren 13ko Trapujaleren epaia Trapujale taldeak antolatu dituela zehaztu du. Horrez gain, Lezo Herri Eskola eta Pasaia-Lezo Lizeoa ikastetxeak programazioaren parte aktibo izango direla jakinarazi du Kultura zinegotziak.
Ekintza guztien artean, larunbateko (otsailak 10) desfilea nabarmendu du Legorburuk. Desfilea 17:00etan irtengo da San Pedro auzotik, eta kuadrillak nahiz norbanakoek mozorrotzeko gai librea izango dute. Azken urteetan “indarra” hartu duen jarduera dela adierazi du Kultura zinegotziak, eta adin guztietako pertsonak animatu ditu parte hartzera. Desfilearen ondoren, gazteek mozorro afari herrikoia egingo dutela esan du, 21:00etan, Koldobike Gezala pilotalekuan. Afalostean, Matraka elektrotxarangak herria girotuko du 23:30etik aurrera.
Lezoko Udalak inauterietako egun bakoitza kolore batekin lotzen du, eta herritarrei dei egin die egun bakoitzerako trapu kolore ezberdin bat jartzea lepoan eta balkoietan. Honakoak dira kolore horiek:
- Osteguna, otsailak 8: Zuria.
- Ostirala, otsailak 9: Horia.
- Larunbata, otsailak 10: Gorria.
- Igandea, otsailak 11: Morea.
- Astelehena, otsailak 12: Grisa.
- Asteartea, otsailak 13: Beltza.
Ostegunzuri, otsailak 8
- 16:00: Trapujale Txikia. Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria egingo dio.
- 19:30: Trapujaleren jaitsiera. Martizkone baserritik aterako eta TGLUMEko taldeak alaiturik eta Alde Zaharreko Joaldunen laguntzarekin. Pregoia eta arranpuila.
- 20:00: Trapujaleren lagunak omentzen. Aurtengo oroigarri bereziaren banaketa: Lezoko Dantzaleak jasoko dute Gurutze Santuaren plazan.
Ostiralori, otsailak 9
- 10:00: Kalejira herrian zehar Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleekin.
- 10:30: Lezo Institutua eta Lezo Herri Eskolako ikasleen eskutik Ekosistemak emanaldiaren ikuskizuna Bekoerrota kiroldegian.
- 11:15: Trapujale festa Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen eskutik Gurutze Santuaren plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Karlos Saldise plazan.
- 17:30: Sorgin Dantza eta Zirkuen kalejira Gurutze Santuaren plazan hasi eta bukatuta.
- 18:30: Desfilea herrian zehar Lezoko Dantzazaleen eskutik.
- 19:30: Lorezainen dantzak Lezoko Euskal Dantzazaleen eskutik Gurutze Santuaren plazan. Eguraldi txarrarekin Karlos Saldise plazan.
- 20:00: Kartelada.
Larunbatgorri, otsailak 10
- 11:15: Kalejira Murixka Dantza taldearen lokaletik abiatuta (Kale Nagusia) Gurutze Santuaren plazaraino. Eguraldi txarra eginez gero, 12:00etan Karlos Saldise plazan. Jarraian dantza emanaldia.
- 12:30: Kantujira Aiton Bordatik abiatuta.
- 17:00: Desfilea San Pedro auzotik abiatuta. Gaia: Marrazki bizidunak.
- 18:00: Karro-poteoa herritik zehar Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 20:30: Mozorro festaren aurkezpena Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00: Mozorro afari herrikoia Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 23:30: Elektrotxaranga: Matraka.
Astelehenarre, otsailak 12
- 17:00: Kalejira herriko kaleetan zehar eta ondoren dantzaldia Gurutze Santuaren plazan.
Asteartebeltz, otsailak 13
- 15:15: Lezo Herri Eskolako ikasleen eskutik, epaiketa txikiaren antzezpena eskolako jolastoki estalian. Hirugarren zikloko ikasleek Trapujaleren epaiketa eta erreketa antzeztuko dute.
- 16:00: Txokolatada Lezo Herri Eskolan.
- 19:00: Trapujaleren epaiketa Gurutze Santuaren plazan. Jarraian herio bidaia.