Eragileak eta udala eskutik, osasungintza publikoaren alde
Iztietako anbulatorioaren egoerarekin kezkatuta mozioa aurkeztu zuten atzo auzo elkarteek plenoan. EAJk izan ezik, gainontzeko alderdi guztiek bat egin dute "oso larria" den egoerarentzat aterabidea eskatzeko.
Iztieta eta Beraungo anbulatorioen egoera eta Lehen Arretaren gaineko kezkak plenoa hartu zuen atzo. Hartu, literalki gainera, mozioa eraman zutelako auzo elkarteek eztabaida politikora, eta aretoko eserleku guztiak bete zirelako atzo gaiaren lanketaren jarraipena bertatik bertara egiteko. Auzo elkarteek aurkeztutako mozioa aztertu zuten ordezkaritza duten alderdi politikoek, eta EAJ ez beste alderdi guztiek bat egin zuten eragile sozialen eskaera eta kezkarekin. EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Errenteria eta PP alderdiek mozioaren alde egin zuten; jeltzaleek, baina, abstentzioaren bidea aukeratu zuten.
Maria Gutierrez Duintasuna pentsiodunen elkarteko ordezkariak hartu zuen hitza mozioaren zioak azaltzeko. Lehen Arreta babestea dutela helburu, larritasun bizikoa den Iztietako anbulatorioaren egoeraren aurrean esan zuen. Diagnostikoa, larria oso, anbulatorioari dagozkion 16 medikuetatik, bederatzi baino ez direlako une honetan. Mozioa onartuta, Errenteriako Udalbatzak bere egin du Iztieta anbulatorioaren gaineko kezka, baita osasungintza publikoa babesteko konpromisoa hartu eta gaiaren gainean lanean ari diren eragile sozialen bidelagun izateko ardura ere.
Halaber, osasungintza publikoaren gaineko erabakiak hartzeko eskumena duten erakunde eta sailei eskatuko die zerbitzu duin eta kalitatezkoa bermatzeko eskura dituzten neurri guztiak har ditzaten. Azkenik, Iztietako anbulatorioak bizi duen egoera larriaren aurrean, udalak beharrezko kudeaketak egingo ditu egoera konponbidera bideratu eta akordioaren berri emango die Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari.
PPko zinegotzi bakarra den Antonio Zubikoak hartu zuen hitza lehenik eta “erabateko babesa” eta “aitortza” erakutsi zien Iztietako eta Lehen Arretaren zerbitzuaren gainbeherarekin kezkatuta lanean ari diren eragileei. Egoerak, “berehalako” erantzuna eskatzen duela sinistuta azaldu zen Zubikoa: “Oinarrizko eskubidea da osasuna, denon eskura izan behar du hortaz. Ezin dugu ahaztu, gainera, Lehen Arreta dela osasungintza sistemarako sarbidea. Ezinbestekoa da hortaz, egoki funtzionatzea gure komunitatearen ongizatea bermatzeko”. Profesionalei ere aitortza, Zubikoak, “eredugarri jokatzen ari direlako”.
Elkarlanerako prestutasuna erakutsi zuen azkenik alderdi popularrekoak, eta irtenbideak aurkitzea ezinbestekotzat jo, “herritarren osasunerako eskubidea ez da negozioa, eskubidea baizik, eta lehentasuna behar du. Elkarrekin eskubide hau errealitatea izan dadin bermatu behar dugu Errenterian”.
Mozioa aurkeztu zuten eragileei esker ona erakutsiz hasi zuen hitzartzea Elkarrekin Errenteriako Maite Gartziak, “errespetu osoa eta erabateko babesa. Herritarren kezkari ahotsa emateaz gain, irtenbideak, ekintzak eta proposamenak jarri dituzue mahai gainean”. Iztietako anbulatorioak bizi duen egoeraren aurrean ezin dela bestaldera begira izan nabarmen jarri zuen eta arazoaren sustraietara jo, “Iztietan gertatzen ari dena planifikazio faltaren eta EAJ eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzatik osasungintza arloan sustatzen ari diren pribatizazio politiken ondorio da. Iztietako osasun zentroa gure osasungintza publikoari ezarritako eraso eta suntsipen eta Osakidetzaren narriaduraren isla da. Errenterian, eredu aldaketaren hastapenen aitzindari izan behar dugu”.
Osasungintzako langileei aitortza Gartziak ere, haien lan baldintzei erreparatzeko eskaerarekin batera, “zaintzek gaituztenak zaintzea, ezinbestekoa delako”. Herri hobeagoa izateko ezinbesteko jo zuen publikoa indartzea: “Osasungintza eta zerbitzu publikoak dira herritarren ongizatearen bermea”.
EAJk abstentzioa
Osasungintza “une delikatuak” bizitzen ari dela onartu zuen Elixabete Murua Jeltzaleak, “gordina da egoera”. Hala ere, testuinguru egokia jartzeko eskatu zuen, “oinarrian egitura arazo bat dagoelako, epe laburrera konponbide zaila duena. Medikurik ez dago. Egoera horren arrazoietako bat da estatuko gobernuak ez duela aurreikusi jubilatzen ari diren sendagileen postuak betetzeko beharko liratekeen profesionalen kopurua. Egoera zuzendu bada ere, urte batzuk beharko dira emaitzak ikusteko”.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak bere arduerak dituela onartu zuen Muruak, eta egoerari irtenbidea emateko eskura dituen tresna guztiak “martxan jartzeko” eskatu zion, “baina Espainiako Osasun ministerioak ere badu ardura, eta tituluen homologazioa ahalik eta azkarren egin dezan eskatzen dugu, besteak beste”.
Abstentzioaren alde egiteko arrazoia, auzo elkarteek aurkeztutako mozioko bi punturekin bat ez etortzea izan zen jeltzaleak azaldu zuenez: “Eusko Jaurlaritzari luzatzen zaio eskaera, gure ustez egoera zail honen atzean beste erakunde batzuk daude, beste gobernu batzuk eskumenak dituztelako”.
Mozioa eta mobilizazioak, herritarrek Iztietako anbulatorioarekin eta osasungintza publikoarekin duten kezkaren eta egonezinaren isla dela esan zuen Isaac Palencia alderdi sozialistaren eledunak. 2022ko urrira begira jarri zen Palencia “orduan Beraungo anbulatorioan ordutegi murrizketak ezarriko zituztela jakinarazi zuten, eta erantzun eredugarria eman zuten bizilagunek eta eragileek egoera leheneratu eta zerbitzua mantentzeko”.
Sozialistaren ustez, okerrera egin du egoerak orain, eta osasungintza publikoa lehentasuna dela bere alderdiarentzat azpimarratu zuen, “ezinbestekoa da indarrak batzea”. Hark ere esker ona profesionalei, “murrizketek langileei eragiten diete, baita herritarren bizi kalitateari ere eta urgentziazkoa da murrizketak lehengoratzea”.
Eragileei ere eskerrak eman zizkien Palenciak, eta lehen arretari bete betean eragiten dion auzian haien eskutik joateko konpromisoa erakutsi.
Okertzearen atzean, “erabaki politikoak”
Pandemia garaian josturak lehertu zitzaizkion osasungintza publikoari. EH Bilduko Bernar Lemosek, pandemia garaiari egin zion erreferentzia espresuki, “osasungintza publikoaren egoera larriagotu zuen, tenkatu, baina ezin dugu pandemia aitzakia bihurtu, aurretik ere agerikoa zen gaitz bat estaltzeko”. ahoan bilorik gabe esan zuen Lemosek, “Osakidetzaren zerbitzuaren okertzea azken urteetako erabaki politiko estrukturalen ondorio da, eta ez soilik aldaketa koiunturalena”.
Osasungintza publikoaren egoeraren gaineko kezka ez dela berria koalizio subiranistarentzat ere esan zuen, eta horren adibide jarri zuen Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak 2022ko uztailean eta iazko martxoak egin zituen bi adierazpen, “bi horietan salatu zuen planifikazio ezak Osakidetza egoera kaotikora eraman zuela. Osakidetzaren eredua pazienteen beharretara moldatu beharrean, kontrakoa egiten ari delako, pazienteak direlako egokitu behar direnak Osakidetzaren eredura. Pertsonek erdigunea izateari utzi diote, helburua eredua mantentzea delako, horrek arreta kalitatea kaltetuko badu ere”.
2023ko martxoan mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk Legebiltzarrean, “Osakidetzan zegoen pertsonal faltari irtenbidea emateko eskatzen zuen mozioak. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aitortu zuen sendagileak falta direla. Eta horri erantzuteko bitartekoak jarri beharrean, osasun sistema egoera horretara egokitzen ari da. Hezur hutsa den sistema bat eraikitzen ari da, mediku gabeziarekin lan egiteko”.
Egoera kritikoa dela eta irtenbidea ematea urgentziazko erantsi zuen Lemosek, “bada banketxeetan prestamuak eskatzen ari den jendea dituen osasun arazoei aurre egin ahal izateko. Ikaragarria da halakoetara iritsi beharra”. Horren aurrean, politika publiko ausartak galdegin zituen, “Osakidetza, osasunari, zaintza eta zaintzaileei erantzuteko deia egiten diegu arduradunei. Ez atzeratu, berandu goazelako; publikoa, kalitatezkoa eta zaintzailea den osasungintza sistema nahi dugu”.
Aitortza eta esker ona lanean ari diren eragile eta elkarteei: “Lau herritarretik batek babestu du sinadura bilketa, herritarren artean dagoen kezkaren adierazgarria da zalantzarik gabe, eta gure egiten dugu kezka eta egonezin hori”.
Eskaera egungo Eusko Jaurlaritzari ez ezik, hurrengo Eusko Jaurlaritzari zuzendutakoa ere badela nabarmendu zuen Lemosek, eta argia da, “Osasun politika publikoak lehen lerroan jartzea; pertsonak erdigunean, herritar guztiak zainduko dituen, osasungintza publiko eta kalitatezkoa lehentasuna da”.
Aizpea Otaegi alkateak ere hartu zuen hitza. Esker ona adieraztera bideratu zuen hitzartzea, “eskerrak egindako lanarengatik eragileei, interes komuna, herritar guztien interesa zuen lana eta esfortzuarekin defendatzeagatik. Eskerrik asko, herritarrok dugu arazo larriaz sentsibilizatzeko egiten ari zareten lanarengatik, baita instituzioei beraien arduratik erantzuteko eskatzeagatik ere. Gure egiten dugu bide horretan bidelagun izateko egin diguzuen eskaera”.
Osasun sailburuari gutuna bidali ziola hilaren 9an ekarri zuen gogora alkateak, “oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta horren zain gara”.