Suhar Koruaren emanaldia, Gure Bakarlariak zikloaren barruan
Otsailaren 17an izango da emanaldia Fatima Andra Mariaren elizan, 20:00etan hasita. Sarrerak salgai jarriko dituzte ostiralean, 10 euroan.
Gure Bakarlariak zikloaren barruan aparteko emanaldia antolatu du EMKE Errenteria Musika Kultur Elkarteak otsailaren 17rako. Suhar Korua da gonbidatua eta Fatima Andra Mariaren elizan izango da emanaldia. Sarrerak, ostiralean jarriko dituzte salgai, 10 euroan, online eta Lekuona Fabrikako harreran.
Gaur egin dute agerraldia kontzertua aurkezteko. Alain Aierdi, EMKEko kide eta musika bandaren zuzendariak azaldu du otsailaren 17koa, “maila handiko kontzertua” izango dela, “Suhar Korua ahots grabeen euskal abesbatzak, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren irabazlea izan da, eta gurean ariko da”. Lehen aldia da Tolosako lehiaketa handi horretako bost kategorietan gailentzen dena euskal abesbatza bat, eta hori Suhar Korua izan da. Varna (Bulgarian) jokatuko den Grand Prixean ere arituko da abesbatza. Une honetan Espainiako Estatuan ahots larrien talderik onenetakoa dela esan du Aierdik.
2018ko udazkenean sortutako gizonezkoen abesbatza, ahots grabeen errepertorioa maila gorenean lantzeko helburuz sortu zuten. Kantu koralean esperientzia handia duten Hego Euskal Herriko hogeita hamar ahotsek osatzen dute koru hori, Jon Imanol Etxabe abesbatzaren lehendakari ordeak azaldu duenez. Esteban Urzelai Eizagirre da zuzendaria, “gaur egun Espainiako Abesbatza Nazionaleko zuzendariordea da, eta proiektu musikal horren sorkuntza bultzatu eta bere gain hartu zuen”.
Oñatiko zuzendariaren esperientzia nazioartean ezaguna dela nabarmendu du, halaber, Etxabek.
Suhar Koruak emango duen kontzertuak bi zati izango ditu, bata a Capella izango da eta bestea pianoaren laguntzarekin egingo dute, Amaia Zipitria piano jotzailearekin. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioko irakaslea da Zipitria.
Emanaldian errepertorio “oso polita” eskainiko dutela erantsi du Etxabek: “Munduari eskainiko dioguna, etxean eta inguruan ere eskaini nahi dugu. Tolosako Nazioarteko abesbatza Txapelketan izandako emaitzaz gain, Bulgariara joango gara, eta Txinara joateko gonbidapena ere jaso dugu, ohorezko ziurtagiria jaso dugu bertatik eta pozgarria da benetan. Emanaldi horietan erakutsiko duguna, etxean ere erakutsi nahi dugu”.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak EMKE eta Suhar Korua zoriondu ditu elkarlanarengatik: “Herritarrak zuzeneko musikarekin, zuzeneko emanaldiekin gozatzera deitu nahi ditut. Ziur naiz, emanaldi bikaina eskainiko duzuela”.
Etxabek eta Aierdik sarrerak garaiz hartzera deitu dute, “kontzertu bikaina izango da eta Fatima Andra Mariaren elizaren aforoa ez da oso handia”.
- Aita Gurea (F.Madina 1907-1972)
- Repleti Sunt Omnes (J. Gallus 1550-1591)
- Preghiera (G. Rossini 1792-1868)
- Pater Noster (J. Guerrero 1968)
- Ave Maris Stella (E. Ugalde 1973)
- Ave Maria (F. X. Biebl 1906-2001)
- La Pastorella al Prato, D. 513 (F. Schubert 1797-1828)
- The Turtle Dove (R. Vaughan Willians 1841-1901)
- Izar Ederrak (Azkueren Kantutegitik J. Elberdin 1976)
- Ahoberokeriak eta Amoriua (E. Ugalde 1973)
- Ipar ahize Hotz Zuria (X. Sarola 1960)
Zuzendaria: Esteban Urzelai Eizagirre
Pianoa: Amaia Zipitria Zugasti