Afrikako migratzaileen odisea, 'Yo capitán'-en
Ihoteen ondorenerako film proiekzioa antolatu dute, hilaren 8rako. Oscar Sarietarako Italiaren ordezkaria da Matteo Garroneren filma.
Ihoteetako zurrunbilotik atera ondoren, film-proiekzioaren txanda izango da. Hilaren 8an, Yo, capitán filma eskainiko dute Landetxen. 19:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude 3 euroan.
Afrikatik Europara migratzen duten bi pertsonen odisea kontatzen du. Seydou eta Moussak Dakar atzean uzten dute, eta bidean basamortua eta Libiako atxilotze-eremuak ezagutzen dituzte, baita itsasoaren arriskuak ere.
Matteo Garrone italiarrak zuzendu du filma (Gomorra, Pinocchio…), eta hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu. Rotten Tomatoes zinemako kritikak biltzen dituen webgunean %100eko onarpena du filmak. Veneziako Mostran hamabi sari jaso zituen iaz, gainera. Donostiako Zinemaldian publikoaren saria jaso zuen, duela lau hilabete.
Gainera, datorren martxoaren 10ean Oscar Sarietako galan izango den filmetako bat izango da Io capitano. Nazioarteko Film Onenaren Saria lortzeko bost hautagaietako bat da.