Arraguan, "Oiartzungo egunik politeneko" kuestazioan
Ihoteen bigarren eguna gaurkoa, kuestazioarena. Arraguan izan da HITZA goizean, auzotarren iritzi eta sentsazio bila.
Oiartzungo Ihoteen bigarren eguna gaurkoa. Kuestazioarena. Azken urteetako ohiturari jarraiki, auzo batera joan da HITZA kuestazioaren hasiera nola bizi den jakiteko. Aurten, Arraguaren txanda. Horiena. “Urteko data seinalatua da gaurkoa. Oiartzuar guztien eguna da, haur, gazte eta heldu. Oso ederra da. Oiartzunen egunik politena da, belaunaldi askotako herritarrak batzen garelako”, esan du Ekhi Mitxelenak arraguarrak.
Egun goxoa. Eguzkitsu eta sanoa. Gazteenek atzo festa izan zuten herrigunean. Ihoteen lehen eguna ederki asko gozatu zuten. Baten batek ajea izango du. “Nik ez. Izan ginen atzoko festan, sekulako giroa izan zen. Baina ondo-ondo altxa naiz, eta egunak merezi duen bezala ospatzen hasi gara, auzoetan”, dio Mitxelenak. Auzoetako kuestazioa eta gero, beste une berezi bat aipatu du gazteak, arratsaldean auzo guztietako kuadrillak Elizalden batzen direnekoa: “Une hori oso hunkigarria izaten da. Xanistebanetan adinaren araberako egun bereziak daude. Gaurkoa denena da. Oso berezia da”.
Mitxelenak oroitarazi du 2013an hasi zirela kuestazioarekin Arraguan, “20 katu bildu ginen orduko hartan”. Hastapen hori ere oroitu du Edorta Fernandezek. “Azken urteetan igotzen joan da parte hartzaileen kopurua. Hasieran gutxi izaten ginen. gaur elkartea tope izanen da”. Izan ere, Aldeguna elkartean egingo dute kuestazio ondorengo bazkaria, eta hango espazio den-dena bete dute ihotezaleek, 140 pertsonarentzat bazkaria doitu dutelako. “Inor kanpoan ez uzten saiatu gara. Baina ezin. Duela urte batzuk 20 ginen, lauk euren kuadrillak animatu eta horiek ginen. Aurten 140. Atzo hasi ginen bazkariaren prestaketarekin, lana da. Baina izugarri atsegina”, esan du Fernandezek. Datu bat: bazkarirako 140 plazak bi ordutan agortu ziren. Eta kanpoan gelditu denik ere izan da; Arraguako baserrietatik egindako kuestazioan, esaterako, 200 bat izan dira parte hartzaileak. “Oiartzunen indar handia hartu dute ihoteek. Eta arratsaldeko plazako giroa ere ikusgarria da”, azaldu du Fernandezek.
Laiene Aranburu kuadrillarekin joan da Arraguako kuestaziora. Lehen urtea dute bertan. HITZAri adierazpenak egiten dizkion bitartean, adi-adi, irribarrez ditu kuadrillakideak ondoan. “Ugaldetxon 3-4 urtean atera gara, baina han tokirik ez zegoelako, Arraguara etorri gara lagun batzuen gomendioz”, aitortu du. Auzoen arteko trasbasea deitzen zaio horri. “Gozatzera etorri gara. Dantzan dakienak dantzatzen du, eta besteek inprobisatzeko arazorik ez dute. Festa handia da. Xanistebanak herriko jaiak izanik, data hauek ere oso espezialak dira”.
Mendian gora utzi ditu HITZAk arraguarrak. Baserriz baserri ari dira herriko mendialdea girotzen. Ihoteen indarra eta fenomenoa zabaltzen. Berezia da eguna Oiartzunen. Emozionantea. Eskerrik asko Arragua!