[Auzo guztietako argazkiekin] Kuestaziyua, handia!
Osagai guztiek bat egin dute gaur kuestazioa sekulakoa izan zedin: eguraldi onak, herritarren gogo eta giroak, eta ihoteen emozioak.
Apartekoa. Sekulakoa. Ihoteen bigarren egun izugarri handia gaurkoa, kuestaziyuaren eguna. Zortzi auzoetako taldeak goizean bildu, eta baserrietatik barreiatu dira dantza eta musika giroan. Konplizitate giroan. Herri giroan, haur, gazte eta adinekoen artekoa. Aurten inoizko kuestaziorik jendetsuena izan da, hala azaldu dute auzoetako arduradunek. Pozik gainezka haiek, eta herritarrak.
Jarraian, HITZAk oiartzuarrei esker eskuratu dituen bideo eta argazkien bilduma. Nahas-mahas dezentekoa da argazkien bilduma, auzo guztietakoak elkarrekin daudelako. Izan ere, auzo bakoitzak bere izaera eta egiteko era badu ere, gaur, Oiartzun osoa izan da herritarren ihote-gose horren onuradun nagusia. Beraz, esandakoa: eskerrik asko Oiartzun HITZAra bidalitako argazki guzti horiengatik! Gozatu irudiak!
Honakoa da ihoteeen datozen orduetako egitaraua:
Gaur (larunbata)
- 18:00etan: Auzoetan ibilitako kuadrillak plazan elkartuko dira.
- Ondoren: Musika eta festa giroa Kataxuloko txosna inguruan.
Bihar (igandea)
- o9:00etan: Diana txistulariekin.
- 11:00etan: Beheko Plazatik karroxa eta kalejira alaia.
- 12:00etan: Dantza gidatuak plazan.
- 19:00etan: Intxixu, basandere eta sorginei agurra.
- Bukatzeko, Suzko Akerra.