10.000 sinadura, Donostialdeko ESIra bidean
Osasun arta publiko duina aldarri, 10.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Duintasunak, mugimendu feministak, erretiratuen klubek eta auzo elkarteek azken hilabetean. Gaur entregatu dituzte Iztietako anbulatorioan.
Lehen arretako eta larrialdi zerbitzuetako osasun sisteman Iztietako anbulatorioan egindako murrizketek hautsak harrotu zituzten Errenteria-Oreretan. Osasun publikoa aldarrikatzeko eta murrizketa horiek salatzeko, Duintasuna elkarteak, Errenteria-Oreretako mugimendu feministak, erretiratuen klubek eta auzo elkarteek borrokaldia hasi zuten.
Borrokaldi horren lehen fasea 2023ko abenduaren 16an aktibatu zuten manifestazio batekin, eta orain bukatu da. Larunbatean milaka herritar bildu zituen manifestazioa egin zuten herriko kaleetan, eta gaur, azken hilabetean jasotako sinadurak entregatu dituzte Iztietako anbulatorioko arretan. Orotara, 10.000 herritarrek baino gehiagok eman diote babesa sinadura bilketari, eta 10.000 Donostialdeko ESIko pazienteen arretara bidali dituzte gaur Duintasunako, mugimendu feministako, erretiratuen klubetako eta auzo elkarteetako ordezkariek.
Lehen fasea itxi dute, baina borrokan jarraituko dutela argi utzi dute, osasun arta publiko duina aldarri.