Eraso matxista irmoki gaitzetsi du Lezoko Udalak
Indarkeria matxistari lekurik ez uzteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak, eta bat egin dute bihar egingo den elkarretaratzearekin. Erasotuari ere elkartasun beroena helarazi diote.
Iragan asteartean Lezon eraso matxista izan zela salatu du herriko mugimendu feministak. Eraso hori gaitzesteko, elkarretaratzera deitu dute bihar (hilak 6, asteartea) Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Gaxuxa Emakume Elkarteak eta Piztu Lezok, 19:30ean, Gurutze Santuaren plazan.
Lezoko Udalak eraso hori “irmoki” gaitzetsi du, eta adierazi du bat egin dutela elkarretaratze deialdiarekin. Jazotako erasoaren aurrean, udalak nabarmendu du “agerian” geratu dela oraindik ere “lan handia” egin behar dela “emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzeko”.
Udalak adierazi du “indarkeria matxistaren aurka” daudela, halako jarrerak Emakumeen Giza Eskubideen “urratze larriak” baitira: diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak, besteak beste.
Indarkeria matxista jendartean nagusi den genero ezberdintasunaren “adierazpen mespretxagarriena” dela nabarmendu du udalak. Eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa “funtsezkoa” dela zehaztu du udal erakundeak, eta horretarako, “apustu ausartak eta neurri sakonak” behar direla gaineratu dute, “hitzetik praktikara” pasatzeko.
Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko, “ezinbestekotzat” jo dute lehen mailako auzi politikotzat jotzea, konplize jarrerak baztertzea, eta antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen aldeko apustua egitea.
Udalak erasotuari eta familiari “elkartasun beroena” helarazi die, eta udal baliabideak eskaintzeaz gain, konpromisoa hartu dute “lanean tinko” jarraituko dutela “zubiak eta sareak eraikitzeko eta jendartean indarkeria matxistari lekurik ez uzteko”.