Hibaikako Gazte Mailako neska eta mutilak, bigarren Zumaian
Atzo goizean jokatu zuten Gipuzkoako Batel Txapelketako hirugarren jardunaldia. Haur, Promesa eta Gazte Mailako Hibaikaren hamar ontzi aritu ziren lehian Zumaiako uretan.
Zumaian jokatu zen atzo Gipuzkoako Batel Txapleketaren hirugarren jardunaldia. Hamar eskifaia uretaratu zituen Hibaikak eta emaitzetan denetarik izan zuen talde errenteriarrak. Gazte mailan, bikainetik gertu. Mutilen eta nesken B ontziak bigarren sailkatu ziren. Mutilen tripulazioaren kasuan, gainera, tarte oso-oso txikiarengatik ez zuten lortu garaipena; Tolosaldeak 09:03,71 denbora egin zuen eta Hibaikak 09:03:85 —0:00,14 aldea izan zen bi ontzien artean—. Hibaikakoak gogor ari dira, eta atzoko emaitzak, Orion jokatutako lehen jardunaldian lortutako garaipenera gerturatu ditu.
Gazte Mailako emakumeen B ontzia ere lanak oso txukun eginda, bigarren postua Tolosaldeak irabazi zuen txandan. Maila bereko Hibaika A ontzia, zazpigarren sailkatu zen atzoko jardunaldian.
Haur Mailan, azkena sailkatu zen errenteriarren ontzia atzoko saioan. Nesketan, berriz, zazpigarren egin zuten eta jokoan ziren 13 puntuetatik zazpi poltsikoratu zituzten. Promesetan , azken aurreko postua Hibaikakoentzat, eta hiru puntu. Promesa nesketan, berriz, lau ontzi aritu ziren eta lan txukuna egin zuten, gainontzekoen moduan. Hibaika A zazpigarren sailkatu zen —19 puntu—, Hibaika B hamabigarren —14 puntu—, Hibaika C hemezortzigarren —8 puntu— eta Hibaika D hogeita bigarren —4 puntu—.
Hurrengo asteburuan atsedenaldia izango dute, eta hilaren 18an, Donostian izango dute laugarren jardunaldia.