Sakelako telefonoak abiadura bizian edonon Lezon
Sakelakoentzat abiadura handiko 4G eta 5G zerbitzuak ezartzeko lanak egingo dituzte hainbat operadorek datozen asteetan.
Lezoko Udalak jakinarazi du Telefonica, Vodafonek eta Orangek sakelako telefonoentzako 4G eta 5G zerbitzuak ezartzeko prozesua hasiko dutela herrian, 700 eta 800 MHz-ko banden gainean. Hau da, belaunaldi berriko eskuko gailuen Interneteko transferentzia abiadura azkartzeko, nahiz estaldurarik ez dagoen tokietan hori bermatzeko lanak egingo dituzte. Hiru konpainia horien sareak beste hainbat operadorek erabiltzen dituzte. Ezarpen prozesu hori datozen asteetan egingo dela adierazi du udalak, baina jakinarazi du udal erakundeak horretan ez duela esku-hartzerik.
Konpainia horiek udalari ohartarazi diote teknologia hori ezartzeak telebista seinalean eragina izan dezakeela, batez ere lurreko telebista digitalean (LTD), seinale hori antena bidez jasotzen dutelako etxeetako telebistek. Hala, telefonoa mugikorreko estazioetatik hurbilen dauden eraikinei edo etxebizitzei eragin diezaioke seinalearen okertzeak; telebista seinalea zuntz optiko bidez jasotzen dutenei ez die eragingo.
Hala, telebistaren seinalea galtzen edo okertzen bada, hori konpontzeaz operadore bat arduratuko dela azaldu du udalak, telefonoa mugikorreko konpainiek hala azalduta: Llega700 du izena. Haiekin harremana egiteko 900 83 39 99 telefono zenbakira deitu behar da. Haien webgunearen bidetik ere egin daitezke erreklamazioak.