Tutera-Lezo konexioa egin dute gazteek
Tuteran Jai eta Piztu Lezo gazte erakundeek Gazte Topaketa antolatu dute martxoaren 16rako Tuteran. Elkartrukerako eguna izango da.
Euskal Herriko erpin batean dago Lezo, eta bestean Tutera. Bi herrien arteko marra zuzen bat egiten bada, 141 kilometrokoa da aldea. Errepideko distantzia 191 kilometro ingurukoa da. Bada, gazteei esker, alde hori ia ezerezean geldituko da martxoaren 16an (larunbata): Tuteran Jai eta Piztu Lezo gazte taldeen ekimenez, Gazte Topaketa izenekoa egingo dute bi herrietako gazteek elkarrekin esperientziak trukatu, eta festa nahiz elkarbizitzarako. Konexioa egin dute.
Beterri elkartea eta Agerraldia izango dituzte bidelagun gazteek martxoaren erdialdeko egun hartan. “Bi herrietako gazteen topaketa eta elkartrukerako gune bat sortzea erabaki dugu. Festarako eta gozamenerako ez ezik, hausnarketarako eta gure herrietako egoera sozio-linguistikoari buruzko eztabaidarako asteburua izan dadin nahi dugu”, esan zuten atzo Tuteran egindako aurkezpen agerraldian. Topaketaren berriak 141 kilometroko zuzengunea hartu, eta gaur lur hartu du Oarsoaldean. Beste pizgarri bat du asteburu horrek: martxoaren 17ko eguerdian iritsiko da 23. Korrika Tuterara; martxoaren 23an, Lezora iristen denean, bueltako bisita egingo al dute gazte nafarrek?
Hainbat jarduera (bazkaria, kontzertuak eta Agerraldiaren aurkezpena; behean egitarau osoa) Tuteran Jaiko eta Piztu Lezoko kideentzat izango diren arren, gainerakoak jende ororentzat direla jakinarazi dute gazteen bi elkarguneetako arduradunek. “Dei egin nahi diogu jendeari Gazte Topaketan parte har dezan, eta ekitaldia bere egin dezan, elkarbizitza euskaraz sustatuz eta herritik eta herriarentzako jaiak bultzatuz”.
- 12:00etan, Agerraldiaren aurkezpena Haize Hegoar lokalean. Jarraian, Errigorako produktuekin luntxa.
- 14:30ean, bi gazte taldeen arteko bazkaria.
- Bazkalostean. Edu Zardoya Tuterako abeslariaren kontzertua.
- 18:30ean, Beterritik hasita, Altsasuko Elektrokela elektrotxarangarekin kalebuelta Tuterako alde zaharreko kaleetatik. Taberna laguntzaileetan geldialdiak egingo dituzte: Pulperia O’Conxuron, Haize Hegoa elkartean, Joseman, Gaitero tabernan, Lupuladosen, Nenafen eta Beterrin.
- 21:00etan, bertso afaria Beterri elkartean. Bertsolariak: Aner Euzkitze, Maddi Aiestaran, Sarai Robles eta Irati Majuelo. Txartelak Gaitero tabernan eta Pulperia O’Conxuron eros daitezke 15 euroan, martxoaren 8ra arte.
- 00:00etan, Beterriko patioan, Trikidantz taldearekin erromeria.
- 02:00etan, Unai Aizu DJa Pulperia O’Conxuron.