Hilaren 24an, Oarsoaldeko Korrikotea
23. Korrika girotzeko festa antolatu du Oarsoaldeko AEK-k Errenteria-Oreretan. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko.
Korrika izaten den urteetan ezinbesteko jarduera: Korrikotea. 23. Korrikaren tokiko egitarauen barruan, eta Korrika Kulturalaren aterpean, hilaren 24 indar bereziko eguna izango da, Oarsoaldeko lau herrietako Korrikaren zaleek bat egiteko aukera dutelako Errenteria-Oreretan egitekoa den Korrikotean. AEK-k berriz ere elkartuko ditu eskualdeko biztanleak, festa giroan oraingoan. Harro herri! leloa gorpuztuko dute.
12:30ean Arkaitzatik hasiko den triki-poteoarekin hasiko da Korrikotea. Ondoren Merkatuzar aldera joango dira partaideak, han 14:00etan ekitaldia egingo dutelako, eta 14:30ean bazkaria. Bazkalostean Maialen Iriondok eta Izaskun Berasategik musikatuko dute Merkatuzar.
Bazkarirako txartelak aurrez erosi behar dira, bai Oarsoaldeko AEKren euskaltegietan (Lezoko Oroitzene; Antxoko Txirrita; Oiartzungo Intxixu; eta Oreretako Xenpelar), bai eta Errenteria-Oreretako Sindikato edo Arkaitza tabernetan. Tiketaren prezio orokorra 30 eurokoa da, 25ekoa langabeena, eta 12koa haurren menua. Menu beganoa ere izango da.