Teknologia herritarren eskura jartzeko, tailer sorta berriro
TEKS elkarteak udalarekin elkarlanean arrakala teknologia txikitzea helburu duten tailerrak antolatu ditu berriro. Hiru tailer egingo dituzte.
Teknologia herritar ororen eskura jarri eta sortzen duen arrakala txikitzea dute helburu TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu dituzten tailerrek. Ez da antolatzen dituzten lehen aldia, joan den udazkenean ere egin zituzten, eta haiei segida ematera datoz Teknolgia denontzat goiburuarekin orain antolatu dituzte hiru tailerrek.
Bihar, asteartea, izango da antolatutako tailer horietako lehena eta mugikorretako argazkien kudeaketaz ariko dira. Elebitan izango da tailerra eta Skura Kooperatibako kide batek eskainiko du 10:00etatik 12:00etara, Torrekua eraikineko hirugarren pisuan.
Hilabete barru izango da bigarren tailerra, martxoaren 5ean. Sare sozialak izango dituzte hartan hizpide, erabilera eta bilaketak nola egin zehazki. Talaios Kooperatibako Mattin Solisek gidatuko du saioa 10:00etatik 12:00etara Torrekuaren eraikineko 3. solairuan.
Otsailaren 13an eta 27an eta martxoaren 12an eta 26an egingo dute azken tailerra, teknologia zalantzetara bideratua.
Informazio gehiago nahi dutenek 679 66 15 08 telefono zenbakira deitu dezakete. Informazio eguneratua eta izen emateak, berriz, hemen klik eginda kontsulta daitezke.