[Argazkiak] Eraso matxistarik ez dutela onartuko esan dute lezoarrek
Azken eraso matxistaren kontra, "gaitzespenik gogorrena" adierazi dute bildutakoek, eta halakoak, gizarte antolaketa sexistak ahalbidetzen dituela salatu.
Hamarnaka lagunek egin dute bat Lezoko Mugimendu Feministak, joan den asteartean udalerrian izandako eraso matxista salatzeko deitu duen elkarretaratzearekin. Iruntzen Lezoko Emakume taldeak, Gaxuxa Emakume elkarteak, eta Piztu Lezok deitu dute gaur arratsaldeko elkarretaratzea Gurutze Santuaren plazan.
19:30ean puntuan hasi dute elkarretaratzea. Lezon ere erasotzen gaituzte zioen pankartaren atzean esan dute nahikoa dela, eta ez dutela erasorik onartuko. Udaletxeko balkoian ere, pankarta handia, Indarkeria matxista eta sexistarik ez leloarekin.
Azken eraso matxistaren kontra, “gaitzespenik gogorrena” adierazi dute bildutakoek, eta halakoak, gizarte antolaketa sexistak ahalbidetzen dituela salatu, “zoritxarrez ez dira modu isolatuan gertatzen diren jarrerak, bizi garen sistema heteropatriarkalaren baitan kokatuak dauden gertaerak baizik”.
Pasa den asteko eraso matxistak jendarte parekidea eraiki eta emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago utzi duela sisnistuta azaldu dira bildutakoak, eta konpromiso argia hartu dute: “Hemen bildu garen erakunde publikoko kide, herriko eragile, zein herritar guztiok elkarlanean jarraituko dugu, matxismoaren aurrean prebentzio, salaketa eta erreparazio lanetan”.
Indarkeria matxistari aurre egiteko neurri integralak eskatu dituzte, halaber, eta erronka ere argi dute, “pertsonen arteko harreman sistema berdinzaleak sortzea, gaur egungo antolaketa eta ordena soziala aldatzea, finean”.
Prebentzioa ere lehen lerroan, indarkeria ezabatzeko, eta horren harira, pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatzea ezinbestekoa jo dute.
Indarkeria matxistarena, arazo kolektiboa dela aldarrikatu dute, bestalde, jendarte osoarena, “oraindik neurri handi batean, ezkutuan mantentzen badira ere aurreko astearteko bezalako erasoak, indarkeria matxistarena ez da espazio pribatuari dagokion arazo bat, guztiona da arazoa, eta guztioi dagokigu aurre egitea”.
Mezu argia helarazi dute bukatzeko: “Lezoko herrian halako erasorik ez dugula onartuko salatzera atera gara gaur kalera”. Mezu argia ere erasotzaileei helarazi dietena bildutako eragile eta herritarrek, “borroka honek ez du atzera bueltarik”.