Tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formala egin du Errenteria-Oreretak
Izendapen horrek, besteak beste, alokairuen prezioei muga jarri ahal izatea ahalbidetuko du, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Eusko Jaurlaritzari izendapen eskaera egin dion lehen udalerria izan da.
Etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin beste urratsa egin du gaur Errenteriako Udalak. Ez nolanahikoa. Errenteria-Orereta eremu tentsionatu izendatzeko eskaera formala egingo dio gaur Eusko Jaurlaritzari, tokiko gobernu batzarrean onartu ondoren. Eskaera egiten duen lehen udalerria izango da, gainera. Aizpea Otaegi alkateak eman du eskaeraren berri, Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia eta Maite Gartzia alkateordearekin batera gaur goizean egindako agerraldian.
Eskaera formala bete beharreko baldintzak beteta heldu da. Izan ere, legeak eskatzen du diagnostiko zehatza eta bizitoki larrialdiari neurri praktikoekin erantzutea aurreikusten duen hiru urteko plana aurkeztea eskaera egin ahal izateko.
“Urrats garrantzitsua egin du Errenteriak. Lehen udalerria izango da alokairuaren prezioa arautzeko, besteak beste, aukera emango duen izendapena onartzeko eskaera egingo duena”. Pozik zabaldu du berria Otaegik, etxebizitza eskubide gisa ulertzen dutela azaldu baitu, ezinbestekoa norberaren bizitza proiektua eraiki ahal izateko eta ongizate gizartearen funtsezko ardatzetako bat. “Baina merkatu logikak ere eragiten dio, eta hain justu, iaz Espainiako Estatuak onartutako Etxebizitza Legeak bilatzen duena da herritar guztientzako etxebizitza duina eskuratzeko aukerak erraztea, merkatuko baldintzetan etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak erdigunean jarrita”.
Biztanleria eta etxebizitza kopuruaren hazkundea proportzionala izan da Errenteria-Oreretan azken hamarkadan, alkateak esan duenez. Hala ere, egindako diagnostikoak, etxebizitzaren eskaintza tenkatu duten hainbat faktore badirela ondorioztatu du. Hiru aipatu ditu alkateak: “Gazteen saldo positiboa dugu udalerri honetan, hau da, gehiago dira bertan bizi nahi dutenak eta beste udalerri batzuetatik datozenak, gure herritik kanpora doazenak baino. Bestetik gure herrikideen zahartze bat ematen ari da, eta horrek etxebizitzaren erabilera ez hain intentsiboa ekarri du; gero eta jende gutxiago bizitzen da etxebizitzetan—etxeen %62tan pertsona bat edo bi bizi dira—. Azkenik, Donostiak eragiten duen presioa dago. Donostiak dituen prezio altuek eragiten dute bertan bizi direnen kaleratze bat, eta Errenteria bada hautatutako herri horietako bat. Horrek gure etxebizitzaren eskaintzan presio bat eragiten du”.
Hori horrela, etxebizitza hornidura nahikoa ez izateko arrisku berezia dagoela ondorioztatu du diagnostikoak. Etxebizitza hutsen parkea ere txikia da Errenteria-Oreretan, %5,5ekoa da, nahiz eta bigarren etxebizitza kopurua murriztu den—%7,7—.
Etxebizitzen prezioari ere erreparatu dio udal agintariak. Gora egin du horrek, eta horren ondorioz gora egin du ere alokairuko etxebizitzen kopuruak azken hamarkadan, %73 zehazki. “Horrek era berean, merkatu librean alokairua ordaintzeko zailtasunak nabariagoak izatea ekarri du”. Horren adierazle jarri du Etxebiden dagoeneko emantzipatuta dauden familien etxebizitza babestuaren eskaera handia. Egoeraren larritasunari erantzuteko behar-beharrezkoak jo du Otaegik tresnak eta ahaleginak areagotzea. “Errenteria tentsiopeko eremu izendatzea, mugarri izan daiteke”.
Udal Agintaldi Planean jasotako apustua
Errenteria tentsio handiko eremua izendatzeko eskaera testuinguruan jarri du alkateak. Agintaldiko lehen osoko bilkuran hartutako konpromisoa izan zen STOP Kaleratzeak plataformak iazko uztailean aurkeztutako mozioaren ondotik. EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Errenteria alderdien babesa jaso zuen mozio horrek; EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin ziren. Gobernu taldeak Ikertalde aholkularitzaren laguntza teknikoa izan du Errenteriako etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa egiteko, baita hiru urterako neurri plana osatzeko ere. Apustu hori, gainera, 2023-2027 Agintaldi Planean jasota dagoela azpimarratu du Otaegik, “Errenteriako herritarren bizitza hobetzeko ardatz estrategiko gisa”.
Eremu tentsionatu izendatzeko bi baldintza hauetako bat bete behar dute udalerriek: bizilagunek euren diru-sarreren %30 baino gehiago alokairuak eta etxebizitza-gastuak ordaintzeko bideratzea; edota azken bost urtean bertako alokairuen prezioak KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana. Errenteria-Oreretaren kasuan, bi baldintza horiek betetzen dira, hala erakutsi du diagnostikoak eta datuak eman ditu Otaegik, “Errenterian etxebizitzaren alokairuaren hileko batez besteko prezioa %17,2 igo da azken bost urteetan; 2017an 608,8 eurokoa izatetik, 2022an 713,7 eurokoa izatera pasa baita”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %14koa izan da KPIaren hazkunde metatua; Errenteria-Oreretan, beraz, hori baino %3,2 gehiago igo da.
Hipoteka eta alokairuaren kostuak, berriz, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako %30 gainditzen du hiru puntuan, Errenteria-Oreretan %33koa delako, “Nabarmen handitzen da alokairuan bizi diren pertsonen kasuan, batez beste uste baita haien diru sarrerak %30 txikiagoak direla”.
Datozen hiru urteetarako Udal Etxebizitza Plana
Eremu tentsionatu izendapenak, gainera, datozen hiru urterako Udal Etxebizitza Plan bat aurkeztea ere eskatzen du. Plan horrek balio izan diola udalari duela urte batzuk etxebizitzaren arloan garatzen ari den ekintza asko antolatzeko eta egituratzeko azaldu du Otaegik, baita neurri gehigarriak identifikatzeko ere, “dugun testuinguruan modu eraginkorragoan eragiteko neurriak hartzeko, finean”. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin batera landu du udalak, “azken finean etxebizitzaren arloaren eskumenei erreparatuta, funtsezkoa delako Eusko Jaurlaritza, eta ezinbestekoa delako etxebizitza publiko parkea handitzen jarraitu nahi badugu bi instituzioek lankidetzan jarraitzea”.
Neurri plan horrek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren HAPO aurrerapenaren dokumentua hartzen duela erreferentziatzat ere azaldu du alkateak, eta datu gehiago eman ditu. Datozen urteetan udalerriko etxebizitza parkea 1.200 etxebizitzetan handitzea aurreikusi du udalak; horietatik %54 etxebizitza publikoak izango dira, “horrela etxebizitza publikoen parkea modu esponentzialean handitzea aurreikusten da; egungo 723 etxebizitza publikoetatik 1.372ra igarotzea, hau da, %90eko igoera”.
Etxebizitza horietako batzuk egitea non aurreikusten duen udalak ere azaldu du Otaegik: Altzate, Esnabiden, eta Gamongoan. Lehen bietan hasiak dira lanak, eta Gamongoa oraindik hasi gabe baina tramitazioan dago.
Lau ardatz estrategiko ditu planak: Alokairu eskuragarria sustatzea; Etxebizitza parkeari eta hiri berroneratzeari buruzko jarduketak; prestazioen, alokairu laguntzen eta kolektibo kalteberen babesaren sistema, eta gobernantza eta koordinazio instituzionala. Plana, udal ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoekin partekatu duela gobernu taldeak eta alderdi sozialistaren ekarpenak ere plangintzan jasota daudela azaldu du alkateak.
Eskaera bideratuta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza saila izango da tramitazioa bideratu eta behin behineko ebazpen bat eman beharko duena. Alegazioetarako tartea zabalduko dute ondoren, esposizio publiko epearen barruan, eta horren ondoren helduko da behin betiko ebazpena. Izendapena onartzen den unean, Errenteria-Orereta tentsio handiko eremu izango da datozen hiru urteetan. Urtero berritu beharko da izendapen hori.
Izendapenaren ondorio zuzenak
Errenteria-Orereta eremu tenkatu izendatzeak ekarriko dituen ondorio zuzenak izan ditu hizpide ondoren Otaegik. Hala, kontratua urtero luzatzeko aukera izango da hiru urtera arte, indarrean dagoen kontratuaren baldintza beretan; alokairuaren prezioa mugatuko da, bestalde, kontratu berrietan, ezingo baitu gainditu egindako azken kontratuaren errenta; azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetan alokatzeko kontratu berrien prezioa mugatuko da; eta bestetik, kontratu berrien alokairuaren prezioa mugatu egingo da jabea edukitzaile handia denean—bost etxebizitza edo gehiago dituenean—. Azken bi kasuetan, prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.
Gaur bertan bideratu dute eskaera, eta Otaegik hiru eta sei hilabeteko epea aurreikusi du izendapenaren onarpena iristeko. Uneari erreparatu dio alkateak, izan ere, hauteskunde atarian izateak eragina izan dezakeelako, “pentsatzen dugu baldintza ohikoetan hiru eta sei hilabete arteko tramitazioa izan daiteke”.