Portuaren eta herriaren arteko bizikidetzaz aritu da Pasaiako alkatea Espainiako Gobernuko ordezkariekin
"Erabiltzen ez diren portuko espazioak Pasaiako Udalari lagatzeko tramiteak bultzatu eta azkartzeko" eskatu die Teo Alberro alkateak Estatuko ordezkariei, astelehenean haiekin izandako bileran.
Astelehenean (hilak 5), Pasaiako alkate Teo Alberrok bilera izan zuen Espainiako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkari Jose Antonio Santanorekin, Estatuko Gobernuaren ordezkari Denis Itxasorekin eta Dapena Estatuko Portuen presidente Alvaro Rodriguezekin. Honetan, hainbat gai aztertu zituzten, “portu-hiri bizikidetzari zuzenean eragiten diotenak”.
Bileran, lehenik, alkateak informazioa eskatu zien Estatuko ordezkariei, “portuak, hitzarmen marko baten babespean, Pasaiako Udalaren alde egin beharreko espazioen lagapenari buruz”. Besteak beste, Trintxerpeko alkateordetzari eta Zirizari, San Pedroko puntetako pasealekuari edo Bizkaia plazari eta Donibaneko kulturguneari buruz aritu ziren. Alberrok, gainera, prozesua “oso motel” doala salatu zuen asteleheneko saioan, eta “ezinbestekoa dela Pasaiarentzat eta pasaitarrentzat lagapen horiek lehenbailehen gauzatzea”. Egoera hori “lehenbailehen desblokeatzeko” asmoz, bultzada politikoa eskatu zion Santanori.
Pasaiako PSE-EEk poza agertu du, Ziritza Etxearen behin-betiko lagapenagatik. Atzo berretsi zuen albistea Espainiako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkari Jose Antonio Santanok. “Gaur bai, Ziriza pasaitarren eskuetara pasa da, sozialistek beti bultzatu dugun filosofiaren markoan”, esan dute lehenik Pasaiako taldekoek.
Era berean, astelehenekoa probestu zuten portuaren eta badiako udalen arteko entendimentua sustatuko duen erakunde arteko portu-hiri foroa antolatzeko premia mahai gaineratzeko. Foro honek “ingurune horretan eskumenak dituzten administrazioen arteko harremanak erraztuko” dituela uste du alkateak, “Pasaiako badiaren etorkizunaren artikulazioan erabakitzailea izango dena” haren ustez. Alberrok eskatu du une honetan adosten ari diren foro politikoaz gainera, beharrezkoa dela foro tekniko bat ere sortzea, “iraunkortasunerako eta ingurumena eta ingurunea bera zaintzeko politikak bermatzeko”.
Horrez gain, portu agintaritzak Herreran garatu nahi duen barrerak mugitzeko proiektuaren kontra agertu zen Pasaiako alkatea. Proiektu honen arabera, egungo sarbideen kontrola (Escalerillasen dagoena) Spriren eraikin berriaren atzealdera mugituko lukete. Ondorioz, Trintxerpe-San Pedroko hiri trafikoa ezingo litzateke sekula La Herreratik desbideratu eta horrek Euskadi Etorbidean botilaratze arazo larriak ekarriko lituzkeela ohartarazi zuen alkateak, “baita tokiko jaialdietan izan ditzakeen eraginak ere, kale hori trafikoari ixtea ezinbestekoa bilakatu baita”.
Bukatzeko, alkateak eskatu zuen Antxoko tren geltokiaren etorkizuneko berrikuntza aprobetxa dezatela eraikin berria eta trenbideak badiarantz mugitu ahal izateko, “gaur egun dagoen trenbide hondartzatik metro batzuk kenduta Antxoko Nafarroa etorbidearen espazioa irabazi eta plaza txiki bat duen bulebarra sortzeko” aukera izan dezaten.