Markel Amat sanpedrotarra, Eskrimako Europako Txapelketara
Fortuna taldeko tiratzaile pasaitarra eta June Ruiz hernaniarra Napolin (Italia) izango dira hilaren 21etik 26ra. Espainiako Federazioak lehen aldiz bi tiratzaile gipuzkoar hautatu ditu. Kadete mailan arituko dira.
Gipuzkoako eta Euskal Herriko eskrimaren historian Espainiako Federazioak bi tiratzaile gipuzkoar hautatu ditu lehen aldiz. Bi tiratzaileek hilaren 21etik 26ra Napolin (Italia) lehiatuko den Europako Txapelketan parte hartuko dute. Horietako bat Markel Amat Baztarrika sanpedrotarra da, eta Fortuna Kirol Elkartean dabil, kadete mailan. Bestea June Ruiz Belategi taldekide hernaniarra da.
Amatek eta Ruizek Europako zirkuituan Bulgarian, Bartzelonan eta Espainiako Txapelketetan lortutako emaitza onei esker lortu dute Europako Txapelketan lehiatzeko sailkapena. Bi tiratzaileek Espainiako Federazioa ordezkatuko dute Napolin, beste bi kiderekin batera, lauko taldea baitaramate. Biak ala biak banakako eta taldekako proban arituko dira. Fortuna, gainera, kadete mailan bi kide daramatzan estatu osoko klub bakarra da.
Amatek ibilbide bikaina osatu du azken denboraldian. Tiratzaile sanpedrotarra Espainiako txapeldun izan zen iaz. Horrez gain, taldekako Espainiako Txapelketan txapeldunorde izan zen, eta Kadeteen Banakakoan, aldiz, hirugarren postuan sailkatu zen. Estatuko kadete mailan hirugarren postuan kokatu da 2023-2024 sasoian.