Sutea Antxoko Nafarroa hiribidean
13:15ak aldera piztu da sua Nafarroa hiribideko 16. atariaren ondoan, erabilerarik gabe zegoen lokal batean.
13:15ak aldera sutea piztu da Antxoko Nafarroa hiribideko 16. atariaren ondoan dagoen lokal batean. Eraikin horren behealdeko lokala da, garai batean taberna izan zen, baina aspalditik ez da jarduerarik bertan. Inguruko bizilagunek HITZAri esandakoaren arabera lokalean jendea bizi da. Kea arnasteagatik osasun zerbitzuek lokalaren gaineko etxebizitzetako hiru bizilagun artatu dituzte, bi kea arnasteagatik, eta bestea antsietate krisiagatik. Ez da bestelako zauritutik izan.
Sutea zergatik piztu den ezin da jakin oraindik, ez eta kalteak zer nolakoak diren ere. Edonola ere, 15:00ak aldera itzali dute sua: kalteen azterketa egitekoak dira, suteak eraikinaren egituran eraginik izan ote duen jakiteko, eta lokalean izan diren kalteen neurria hartzeko. Hori horrela, bertako bizilagunek ez dute euren etxebizitzetara sartzeko aukerarik oraingoz.
Suhiltzaileez gain, anbulantziak, Pasaiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza joan dira gertakariaren tokira. Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Mikel Garcia Antxoko alkateordea ere bertan izan dira.
Sutea bitartean lokala dagoen eraikineko bizilagunak etxeetatik irtenarazi suhiltzaileek. Aldi berean, behin kalean zeudela, elkarrekin egoteko eskatu die Ertzaintzak, bizilagunen zenbaketa egiteko, eta ea norbait faltan zuten zehazteko.
Sutearen ondorioz Nafarroa hiribidea itxi egin du Ertzaintzak. 16:30ak inguruan zabaldu dute berriz ere.