Emakumeentzako aholkularitza juridikorako zerbitzu berria aurkeztuko dute
Datorren ostegunean zerbitzu berria aurkeztuko du Macarena Mugika abokatuak, Altzibarko eskola zaharretan. Udalak jarriko du martxan zerbitzua.
Martxotik aurrera emakumeentzako doako aholkularitza juridikorako zerbitzua jarriko du martxan Oiartzungo Udalak. Aurretik, baina, hilaren 15ean zerbitzuaren aurkezpena egingo du Macarena Mugika Iruleko abokatuak, Altzibarko eskola zaharretako beheko solairuan, 18:00etan.
Arlo juridikoan aholkularitza eta orientabidea emango du zerbitzuak, genero ikuspegia kontutan hartuta, diskriminazio babesgabetasun edota indarkeria egoerak pairatu ditzaketen emakumeei lagundu ahal izateko. Informazioa aurrez aurre eskainiko du zerbitzuak, modu pertsonalizatu eta seguruan. Irule abokatu taldea arituko da horretan.
Aholkularitza juridikoaren helburua emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea da, norbere kabuz erabakiak hartu eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa edukitzeko.