[Erreportajea] Etxean hasten da itsasoa
Pellet edo mikroplastikoen aferak berria badirudi ere, aspaldiko arazoa dela berretsi du ‘Mater’ Ontzi Museo Ekoaktiboak. Itsasoko plastikoaren kontrako borrokan keinu txikiak «erraldoi» bilaka daitezkeela argi dute.
Joan den abendu erdialdean piztu zen alarma, Portugaldik heldu zen zorigaiztoko notizia. Abenduaren 8an itsasontzi batek zama handi bat galdu zuen. Zehazki, plastikozko 26.300 kilogramo pellet edo bolatxo isuri zituen itsasora milaka edukiontzi garraiatzen zituen Toconao ontziak. Sei edukiontzi erori ziren, eta pixkanaka, Galizia, Asturias eta Kantabriako (Espainia) hondartzak zuritu zituzten hondar ale itxura duten milaka plastikozko bolatxoek.
Gure kostaldera ere hel ote zitezkeelakoan, Eusko Jaurlaritzak berehala Itsasertza planaren alerta fasea aktibatu zuen, baina gaur arte ez da heldu direnaren zantzurik. Badirudi ez direla bertako hondartzetara iritsi. Baina itsasoko plastiko zatiena ez da albiste berria gurean, hala berretsi ahal izan baitute itsasoaren zaintzaz arduratzen diren askok. Pelleten aferak albiste berria badirudi ere, Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendari Izaskun Suberbiolaren arabera, horiek biltzea «klasiko bat» bilakatu da azken urteetan haientzat, tamalez, ohiko zeregina izan –eta izango– da. «Guretzat ez da albiste berria. Gure bilketetan milaka pellet jaso ditugu azken 20 urteetan. Eta ez bakarrik itsasoan, ohartu behar gara lur barruan ere galdu egiten direla, asko eta asko aurkitu ditugu». Lan horietan aritzen da ontzia bera, hamaika modutara.
Mater-ekoen zeregin nagusietako bat da itsas hondakinen bilketak egitea (lurrean zein itsasoan), baina ez bakarra. «Ez ditugu soilik bilketak egiten, gure zeregina ere herritar zientzia egitea baita. Zientziak ez dauka gaitasunik arazo erraldoi honen jarraipena egiteko, eta hor guk eta herritarrek badugu ekarpen handia egiteko aukera». Bide horretan, Gipuzkoako hondartzetan mikroplastikoen analisiak ere egiten dituztela azaldu du, bertako eta nazioarteko datu baseak elikatzeko asmoz. Ezinbesteko lana. Eta hori guztia biribiltzeko, Seabin Pasaia itsas zakarrontzia martxan jarri zuten orain dela hiru urte, badian diren hondakin handi zein txikien etengabeko bilketa eta jarraipena egiten duena.
Baina, zer dira pelletak, eta, zergatik dira hain arriskutsuak? Suberbiolak azaldu duen bezala, plastikozko osagaiak egiteko oinarrizko materiala dira bolatxo horiek: «Gehigarri ezberdinak gehitzen dizkiete eta plastiko mota ezberdinak sortu ditzakete, denetik egin daiteke horiekin». Guztiak, baina, toxikoak direla ohartarazi du Suberbiolak. Animalien korapilatze eta hiltzeaz aritu da lehenik: «Arrainak eta hegaztiak erraz korapila daitezke eta horiek irensteko gai dira, elikagaiekin nahasten baitituzte». Plastiko horiek, gainera, itsasoa etengabe kontaminatzen dute, «ekosistemaren suntsipena eraginez» Mater-en zuzendariaren arabera. «Arazo ikusezina da. Ur azpian daude mikroplastikoak, eta maiz lur azpian. Plastiko guztiak mikroplastiko bilakatzen doaz, txikitzen etengabe, eta ohartu gabe gure osasunean eragin zuzena dute».
Suberbiolak ohartarazi du uraren zikloan sartuta dagoela jada plastikoa
Suberbiolak harago joan nahi izan du, eta nabarmendu du dagoeneko ziklo hidrologikoan sartuta dagoela plastikoa: «Ibaietatik dator gehienbat plastikoa itsasora. Kutsatutako ur hori lurrundu egiten da eta mikropartikula horiek airean geratzen dira, horregatik da arazo hain larria, etengabean plastikoa baitago zikloan. Ikusten ez badugu ere, ez du esan nahi hor ez dagoenik», erantsi du, kezkati. Arazoaren benetako dimentsioaz hizketan, adibide argi eta era berean gogorra erabili du: «Pentsa, gizakiak sortu duen lehen plastiko hori arnasten, jaten eta edaten ari gara gaur egun».
«Gure zaborra»
Baina, nongoa da euskal kostaldean topatzen den zaborra? Nork sortzen du? Eta bereziki, nola iristen da itsasora? Suberbiolak argi du: «Biltzen dugun zabor ia guztia gurea da, guk sortzen dugu».
Arrazoiei erreparatuz, hainbat aipatu ditu. Batetik, birziklatzeko tasak nahikoak ez direla dio: «Edukiontzi horia ez da magikoa, dena ez baita birziklagarria. Mugak ditugu birziklatzeko garaian, eta askok sikiera ez dute zakarrontzira botatzen plastikoa. Oso-oso arinak dira eta edozein tokitan utzita ere, haizeak erraz eramaten ditu, haien helmuga ibaiak izanik. Eta zer esanik ez lurrera botatzen diren zigarroekin, filtroak plastikoz josita daudela».
Etxetik ere arazo larri honen kontrako keinu asko egin daitezkeela nabarmendu du Suberbiolak, etxean –ere– hasten baita itsasoa haren ustez. «Komunetik ere denetik botatzen dugu. Pasai Donibanen belarriak garbitzeko zuntz pila bat jasotzen ditugu, baita toallatxoak ere, milaka».
Isilpeko etsaia da plastikoa. Begien bistakoak direnez gain, ikusezin diren horietan jarri du fokua Suberbiolak. «Arropa garbigailua jartzen dugun bakoitzean milaka mikrozuntz isurtzen dira, ez dira ikusten, baina hor daude. Kosmetikan, adibidez, ohitu gara plastikozko esfoliatzaileak erabiltzera. Hortzak garbitzeko pastetan ere berbera gertatzen da, mikroplastikoz josita daude. Eta guztia itsasora doa gure etxeko harraskatik».
Oarso-Bidasoko itsaso eremua «mikroplastikoen gune beroa» dela gaineratu du: «Ez dugu urrutira joan beharrik plastikozko irlak atzemateko. Bizkaiko Golkoa mundu mailan plastiko nahikotxo duen zonalde bat da, zabor uharte txiki bat dugu. Kezkagarria da oso».
Mater-ek esku artean dituen azken datuen arabera, iaz (2023. urtean) 723,39 kilogramo hondakin bildu zituzten euskal kostaldean zehar egindako auzolanetan, eta 68.960 izan ziren jasotako hondakin zatiak. Seabin Pasaia itsas zaborrontziak, berriz, lanean aritu zen hirugarren urtean, 87,46 kilogramo hondakin bildu zituen. Hiru urtetan, beraz, 1,8 milioi mikroplastiko zati baino gehiago bildu ditu itsas zakarrontziak, eta horietatik 90.000 baino gehiago pelletak izan direla nabarmendu du Suberbiolak.
Hondartzak, noski, ez daude plastiko horietatik salbu. Mater-ekoen ikerketen arabera, honakoa da egoera: metro koadroko 60 mikroplastiko kontzentratzen dira. Horregatik ere hondartzetan tentuz ibiltzeko aholkatu dute, mikroplastiko edota pellet horiek hondoratzen ez laguntzeko.
ZENBAKIAK
GRAMOAK: 5
Gaur egun, gizaki bakoitzak 5 gramo plastiko inguru irensten ditu astean batez beste, kreditu txartel bat adina.
KILOGRAMOAK: 723,39
Mater-eko kideek 2023. urtean ia 723 kilogramo hondakin bildu zituzten euskal kostaldean egindako bilketa saioetan.
MIKROPLASTIKOAK: 60
Gipuzkoako hondartzetan metro koadroko 60 mikroplastiko kontzentratzen dira gaur egun.
Azken datu esanguratsu bezain kezkagarria eman nahi izan du Suberbiolak: norbanako bakoitzak, astero, 5 gramo plastiko irensten ditu zeharka. «Astean kreditu txartel baten adina plastiko jaten dugu konturatu gabe. Sekulako erokeria da».
Ekologistak ere, kezkati
Ingurumena zaintzen eta gizartea sentsibilizatzen buru-belarri aritzen den beste eragileetako bat Eguzki talde ekologista da. Haiek ere hamarkadak eman dituzte bilketak egiten zein sentsibilizazio lanetan.
Talde ekologistako Ainhoa Jauregik kezka agertu du pellet-en aferarekin, baina dio «arazoaren parte txiki bat» direla, eta errora jo du. «Plastikoaren ekoizpen neurrigabeari mugak jarri behar zaizkio, bereziki erabili eta botatzeko plastikoari. Europak eman dituen pausoak oso gutxi eta laburrak izan dira. Anbizio gehiago eskatzen dugu», azaldu du. Administrazioek beharrezko pausoak eman bitartean, baina, «gauza asko» egin daitezkeela uste du: «Egin dezakeguna da plastikoaren erabilera arduratsuagoa egin, plastiko ahalik eta gutxien erosi, eta erosten badugu, dagokion edukiontzian sartu».
Eguzkiren presioari esker, Oarsoaldeko eta inguruko zenbait udalerritan herriko ibaien ertzetan babes saretxoak jarri dituzte, ibai ertzean aurki daitezkeen hondakinak hara joan ez daitezen. «Funtzionatzen dutela ikusi dugu, eta kontent gaude horrekin. Baina arazoaren zati txiki bati erantzuten dio bakarrik. Errekak autopistak dira, hondakinak itsasora eramaten dituztenak, eta horrekin zerbait saihesten dugu behintzat».
Jauregiren ustez herritarrek asko egin badezakete ere, enpresa eta erakunde handiek dute ardura handiena: «Borondatezko lana ongi dago, baina neurriak behar dira, benetakoak. Zehapen neurriak eskatzen ditugu, enpresak eta erakundeak isundu ditzaten. Exijitzen digute, baina haiek ez dute euren hitza betetzen. Ez da nahikoa birziklatzearekin bakarrik, kontzientziazio kanpainak ere ez dira eraginkorrak. Gu prest gaude boluntario lanetan jarraitzeko, baina erakundeek benetako neurriak jarri behar dituzte. Susmoa dugu, Prestige-rekin bezala, ez dela arduradunik aterako».