Puntuek ihes egin dute Pasaiatik
Pasaia markagailuan aurretik jarri bazen ere, Leioak garaipena lortu zuen Jesus Mari Zamoran (1-2). Zuri-gorriek jaitsiera postuetan jarraitzen dute, baina soilik hiru puntura dute salbazioa.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/pasaiake.jpg)
Pasaiak beheko postuetatik atera ezinik jarraitzen du. Larunbatean aukera ona zuten daramaten bolada txarra irauli eta salbazio postuetara gerturatzeko, baina puntuek ihes egin zuten Jesus Mari Zamora zelaitik. Partida ezin hobe hasi zen Pasaiarentzat, Soroetak aurretik jarri baitzuen talde zuri-gorria 37. minutuan. Lehen zatia bukatzear zela, baina, Leioak berdinketaren gola sartu zuen 44. minutuan.
Bigarren zatiaren hasiera ez zen ona izan pasaitarrentzat, Leioa aurretik jarri baitzen markagailuan 50. minutuan. Kolpe latza izan zen etxeko taldearentzat, baina ez zeuden amore emateko prest. Alberto Iturralderen jokalariak berdinketaren golaren bila joan ziren. Hainbat aukera argi izan zituzten, baina Pasaia saririk gabe gelditu zen. Puntuak Bizkaira joan ziren (1-2).
Honakoa da Pasaiaren hirugarren porrota jarraian, eta jaitsiera postuetan jarraitzen dute. Salbazioa, baina, gertu dute pasaitarrek: 15 puntu dituzte, Anaitasunak baino hiru gutxiago. 14 partida geratzen dira denboraldia bukatzeko, eta pasaitarrek denbora dute egoera iraultzeko. Deustun (Bilbo) jokatuko dute hurrengo partida. Bizkaitarrak seigarren dira sailkapenean, eta bolada onean dira; zazpi partida daramatzate galdu gabe.