Bonbon Beltzen 'Gure xaharrak' antzezlana, datorren igandean
Zaharren etxe batean egiten duten osasun ikuskatze baten harira sortutako galderari erantzuten dio obrak: "Gure xaharrekin zer egiten dugu?".
Datorren igandea —hilak 18— otsaileko hirugarrena izango da, eta, ohi bezala, Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen programazioarekin zita izango da.
Bonbon Beltz antzerki taldea gonbidatuko dute datorren iganderako, Gure xaharrak obra oholtzara eraman dezaten. Battitt Halsouetek sortutako txotxongiloak dira protagonista Maika Etxekoparrek zuzentzen duen antzezlanean.
Landetxen izango da emanaldia, 19:00etan hasita, eta sarrerak salgai daude 8 euroren truke, udalaren sarreren webgunean.
Sinopsia
Urtxintx urdinak izeneko zahar etxean, beste askotan bezala, etekin ekonomikoa helburu duen lanaren antolaketak artatze harremanaren funtsezko gizatasunarekin talka egiten du. Egun hauetan bereziki, giroa elektrikoa da. Alde batetik, kartsutasunez beterik, langileak egoitzaren 50 urteen ospatzeko besta handi bat prestatzen ari dira. Bestetik, gobernuak Zahar Etxeen Osasun Inspekzio Erraldoia abiatu du eta noiz nahi goitik behera kontrolaturik izan daitezke.
Artatzaile taldearen baitan ezinegona eta sentikortasuna areagotzen dira eta Solange, taldeko arduraduna, lehertzeko zorian da. Artatzaile pertsonai hauen bitartez, irudimenezko zahar etxe baten ixtorioa kontatuz, gure gizarte osoa hunkitzen duen galdera hau pausatzen dugu : gure xaharrekin zer egiten dugu ?