Bihotzari keinu egiteko, gorriz
Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna da gaur. Egunari keinu egingo diote Oarsoaldeko lau udalek.
Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, gorriz jantziko dira iluntzean Errenteria eta Lezoko udaletako fatxadak. Hala jakinarazi du Bihotzez elkarteak, Sortzetiko Kardiopatien Elkarteak. Haren eskaerari erantzunez argiztatuko dituzte bi herrietako udaletxeak gorri kolorez, Bihotzez elkarteak jakinarazi duenez. Irungo udalak ere, hala egingo du. Pasaian eta Oiartzunen berriz, afixak eta globo gorriak zintzilikatuko dituzte; lehenengoaren kasuan, lau barrutietako udal eraikinetan eta hiru ikastetxeetan eta Oiartzunen udaletxeko balkoian.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Bihotzez, eta sortzetiko kardiopatia duten ume, gazte, helduen eta beren familien bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du, “diagnostikoaren unetik, eta bizitzako etapa desberdinetan, egunerokoan babesa eta sostengua ematea da gure egitekoa”, azaldu dute.
Gizartea oro har eta erakundeak sentsibilizatzea ere badu egitekoen artean elkarteak, “garrantzitsua da sortzetiko kardiopatien inguruan kontzientzia sortzea eta sentsibilizatzea”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa du Bihotzez elkarteak eragin eremu eta Gipuzkoaren kasuan, Donostiako Intxaurrondo auzoko Zarategi pasealekuko 100. zenbakian kokatuta dagoen Gizagunean eskaintzen du arreta presentziala. Hori dute egoitza nagusia, baina Bilbon kokatutako Boluntan, eta Gurutzetako ospitalean ere eskaintzen dute arreta presentzial hori. Gainera ikastetxeetara ere gerturatzen dira elkartearen eta gaixotasunaren gaineko informazioa ematera.
Sortzetiko kardiopatiak jaiotzeko unetik sortzen diren bihotzeko malformazioak dira, eta intzidentzia handiena duen sortzetiko arazoa da; jaioberrien 51ari eragiten dio. Datuak eman ditu Bihotzez elkarteak: “Estatuan urtean 4.000 kardiopata jaiotzen dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan berriz, 175 ume gutxi gorabehera”. Kardiopatia larrienei erantzuteko ospitalizazio luzeak eskatzen dituzten ebakuntzak egin behar izaten dituzte, eta aldizkako errebisioak ondoren, asko-askotan bizi osoan mantendu behar izaten dituztenak.
Sortzetiko kardiopatiak haurdunaldian diagnostikatu ohi direla azaldu du elkarteak.
Informazioa eta orientazioa, akonpainamendua eta laguntza psikologikoa, balorazio neuropsikologikoa, informazioa eta orientazioa hezkuntzako profesionalei, eta jardunaldi eta tailerrak eskaintzen ditu Bihotzez Elkarteak.
Oarsoaldea, Irun eta Hondarribian sortzetiko kardiopatiak dituzten 11 haur eta nerabe eta haien familiekin ari da lanean elkartea.
Informazio gehiagorako hemen klik egin. Elkartearekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia, berriz, honakoa da: 638 62 92 18.